GARA > Idatzia > Herri-kirolak

Aduna | Jaialdia

Irigoienek erraz irabazi du Gorostidi Harria Lehiaketa

Errezildarrak bederatzi aldiz berdindu zuen bost minututan 208 kiloko zilindro zaharra

p051_f01_111x111.jpg

Jon LEUNDA | ADUNA

Ez zen ezusterik izan atzo Adunan, eta Aimar Irigoienek irabazi zuen Gorostidi Harria Txapelketa. Sekulako jendetza batu zen atzo Adunan, 2.000 ikusle baino gehiago izan baitziren saioa ikusten.

Aurtengo Gorostidi Harria, 208 kiloko zilindro zaharra zen, eta kirolari bakoitzak bost minututako txanda bakar bat zuen. Harri hori, 1982. urtean Iñaki Gorostidik erabili zuen marka bat egiteko. Harri hau jaso zuenean, 77 kilo pisatzen zituen Adunako harri-jasotzaileak. Harria, herriko tabernan egon da ikusgai, baina lehian aritu zirenetako inork ezin izan du ukitu.

Joseba Ostolatza eta Aimar Irigoien aritu ziren nor baino nor, bi kirolari horiek besterik ez baitute izena eman. Lehenengo zestoarra atera zen plazara, eta bost jasoaldi on eman zizkion harriari. Beste bat ere eman zuen, baina ustela izan zen, eta bost jasoaldirekin geratu zen.

Aimar Irigoien izan zen atzetik plazaratu zena, eta errezildarrak aise ondu zuen aurkariaren lana; izan ere, bost minututan Aimarrek bederatzi aldiz berdindu baitzuen harria bizkar gainean; hala, beretzat izan da aurten ere Gorostidi Harriarekin jokatu den lehiaketako saria.

100 kilo baino gutxiago pisatuta harria jasotzea lortzen zuen harri-jasotzailearentzat sari berezia zegoen, baina ez zen inor agertu.

Mendizabal

Atzoko saioan ez zen harri-jasotzea bakarrik izan, izan ere, Joxemari Mendizabal aizkora lanean aritu baitzen marka pertsonal bat egiteko asmotan. Adunako aizkolari beteranoak kanako enborra zutik moztu behar zuen, eta 61 urteko kirolari honek 25 minutu eta 40 segundo behar izan zituen bere lana burutzeko.

Mendizabal aizkolaririk onenetakoa izan zen bere garaian, Arria anaiekin eta Mindegiarekin batera. Enbor handiekin maisua izan zen, eta oraindik ere halaxe dela erakutsi zuen. Aizkora utzi zuen, eta urte batzuetan plazetatik at egon ostean, erakustaldi batzuk egiten hasia da, eta atzo lan bikaina egin zuen Adunako plazan. 61 urte ditu Mendizabalek, eta teknikoki aparta izaten jarraitzen duela erakutsi du, nahiz eta amaieran enborrarekin kexuren bat izan zuen.

Jutsi-Baigorri eta Uztaritze izan dira lehen txapeldunak

Herenegun arratsaldean hasi ziren Ipar Euskal Herriko Txapelketako finalak, eta Jutsi-Baigorri eta Uztaritze dira lehen txapeldunak. Nafarroa Beherekoek pisu librean nagusitu ziren, eta Lapurdikoak, aldiz, 640 kilotan. Pisu honetan sekulako oreka izan zen lehenengo hiru taldeen artean .

Amaiur eta Berriozar B, nagusi Nafarroan

Amaiur eta Berriozar B nagusitu ziren Nafarroako Launako Txapelketako bigarren jardunaldian. Mutiletan, 310 kilotan Berriozar B izan zen onena, eta horiexek daude sailkapen nagusian ere lehen postuan. Emakumezkoetan, 260 kilotan, Amaiur taldeak irabazi zuen, eta haiek daude lehen postuan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo