GARA > Idatzia > Herri-kirolak

AIZKORA

Arriak eta Rekondok berdinduta amaitu dute Leitzan

J.L. | DONOSTIA

Aizkora munduan ia ezinezkoa da berdinketa bat izatea, baina horixe gertatu zen herenegun gauean Leitzan. Final-laurdenetako ligaxkaren atarikoa zuten Arriak eta Rekondok, eta berdinduta amaitu zuten.

Arriak lautik bi proba irabazi zituen. Batean berdinduta geratu ziren, eta bestea Rekondok bereganatu zuen. Lehia estua eskaini zuten errezildarrak eta leitzarrak, eta amaieran biek ere 10 minutu eta sei segundotan amaitu zituzten lanak.

Orain, datorren igandean Idiazabalen elkarren aurka neurtu beharko dute bi aizkolariek. Lau proba izan zituzten Leitzan, eta bat gehiago izango dute Idiazabalen. Irabazleak ligaxka jokatuko du.

23 urtetik beherakoen lehiaketa ere abiatu zen Leitzan, eta Vázquezek mendean hartu zuen Gorriti. 18 urtetik beherakoen saioa Saralegik irabazi zuen, eta finalerdietarako sailkatu da leitzarra.

Bi saio

Gaur Urrezko Aizkorako bi saio jokatuko dira. Lehenik, Gasteizen, Armentiako zelaietan, 12.30etik aurrera final-laurdenetako ligaxka abiatuko da. Bertan Olasagasti eta Larretxea lehiatuko dira nor baino nor. Bi aizkolari hauen arteko dema beti izaten da erakargarria. Bientzat lehen saioa izango da. Multzo honetan izango den hirugarren aizkolariaren izena oraindik ez dago jakiterik Rekondok eta Arriak Leitzan berdindu egin baitzuten eta, beraz, datorren igandean jakingo da.

Arratsaldean, 19.30ean hasita, Lazkaon izango da neurketa, eta bertan ligaxkaren atariko beste neurketa jokatuko dute Lópezek eta Vicentek. Garaipena erdiesten duen aizkolaria final-laurdenetako ligaxkan sartuko da, eta han izango dituzte aurrez aurre Nazabal eta Arrospide.

Gaur arratsaldean Lazkaoko plazara joaten direnek, ordea, 23 urtetik beherakoen arteko lehia bat ere izango dute ikusgai, bertan neurtuko baitira Jauregi eta Vázquez.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo