GARA > Idatzia > Pilota

Berezkoen Binakakoa

Ibarrolak eta Ozafrainek bigarren zatian erabaki dute

17-34 atzetik izan ziren, baina hortik aurrera sekulako norgehiagoka egin zuten, eta finalean sartu dira

p052_f01.jpg

IBARROLA-OZAFRAIN 40

LARRETXEA-ETXETO 37

Jon LEUNDA | ARMENDARIZE

Ibarrolak eta Ozafrainek lortu zuten atzo Armendarizen Binakako Txapelketako finala jokatzeko txartela, Larretxea eta Etxeto partida eder batean mendean hartu ostean.

Binakako Txapelketako partidarik onenak bi finalerdiak izan dira, nahiz eta biak oso ezberdinak izan diren. Atzokoak bi zati oso ezberdin izan zituen. Lehenengoan, eta hasierako bost kintzetako berdinketen ostean, Larretxeak eta Etxetok aurrea hartu zuten, eta 8-21 eta 17-34 aurreratu ziren. Bazirudien Larretxea eta Etxeto izango zirela finalean, baina gauzak ez ziren horrela izan.

Ibarrola sakearekin asmatzen hasi zen, eta hasierako jokaldi horrekin asmatzen hasten denean triskantza handia egiten du. Zuzenean zortzi egin zituen oso denbora laburrean, eta besteetan ere bigarren jokaldian etortzen zen kintzea; horri esker, aurkariengana gerturatzen hasi ziren.

Nafarroa Behereko bikoa markagailuko aldea txikitzen hasi zen, eta 17-34 egotetik, 33-37ra pasatu eta gauzak oso estu jarri ziren. Ibarrolak eta Ozafrainek neurketa berdindu egin zuten, 37-37, eta hortxe utzi zituzten Larretxea eta Etxeto, Lapurdiko bikoak ez baitzuen beste kintzerik egin. Ondorioz, finala jokatu ezinik geratu dira.

Lau pilotariak oso partida ona egin zuten. Lehen finalerdian, ostiralean Oloruen jokatutakoan, bi atzelariak nabarmendu ziren eta atzokoan, berriz, bi aurrelariak izan ziren nabarmendu zirenak.

Finala datorren igandean, 17.00etatik aurrera jokatuko da Baionan Moderne trinketean. Bertan, Ibarrola eta Ozafrain Sorhueten eta Ezkurraren aurka neurtuko dira. Aurretik iragartzen zen finala izango da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo