GARA > Idatzia > Euskal Herria

Euskara21 plana eta Nafarroako Legea berrestea salatzekoa da EHEren iritzian

GARA |

«Iruzurrik ez». Hauxe da Euskal Herrian Euskaraz erakundeak egiten duen irakurketa bai Nafarroan, bai EAEn euskararen inguruan gertatutako azken mugimenduen harira: batetik, pasa den astean Nafarroako Legebiltzarrak Euskararen Legearen aldaketa eskas bati emandako onarpena; eta, bestetik, Lakuako Gobernuak asteartean abiarazi duen Euskara21 egitasmoa.

Nafarroan PSN, NEB eta NaBai legebiltzarkide taldeek onetsi zuten emendakinaren bidez, «euskara hirutan zatitzen duen politikari segida eman, eta eremu mistora beste bost herri batzea ebatzi dute». Lurraldearen zatiketa iraunaraziko duen neurria gogor salatu du EHEk. Bere hitzetan, «euskara bigarren postuan» izatera bultzatzen dute honelako erabakiekin.

Araua orain dela 22 urte onartu zenetik, egindako lehen aldaketa dela nabarmendu du hainbatek, eta, hala ere, «Vascuence-aren Legearen berrargitalpenaren aurrean gaude. Euskara menpeko hizkuntza izatea bideratzen duten neurrien aurrean gaude. Egun ez dago euskararen normalizazioa lortzeari begira aurrera eramaten den politikarik», ondorioztatu dute, hausnarketa Euskara21 egitasmora ere zabalduz.

Ofizialtasunaren alde

Lakuak iragarritako prozesuaren aurrean ondoko iritzia du EHEk: «Hizkuntza politika eraginkor eta emankorrak behar ditugu. Lege berri bat behar dugu, euskarari estatus berri bat eman, eta bere ofizialtasuna aitortuko duena Euskal Herriko lurralde osoan».

«Errotiko aldaketen alde» egin ondoren, ziurtatu dutenez, hori lortzeko «lana eta borroka egin nahi du EHEk Euskal Herriko herrietan». Bide honetan «herri euskaldunerantz metatu beharreko indarren beharra» aipatu dute: «Administrazioen ahaleginak beste norabide batean jarri arren, Euskal Herri euskalduna eraikitzen jarraituko dugu, euskaldunon hizkuntza eskubideen alde, burujabetza lingustikoaren alde, auzolanean».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo