GARA > Idatzia > Musika

«SGAE eta disko etxeak sorkuntza baldintzatzen duten bitartekariak dira»

p054_f01_250x144.jpg

Xabi Fernandez

Kerobia taldeko abeslaria

2001ean Iruñean sortu, lehenengo lanarekin harreta lortu eta «Rose Scargot» (Gor, 2006) bigarren lan bikainarekin harritu gintuen Kerobia taldeak. Orain, apustu gogorra egin eta pauso bat harago joan nahi du Xabi Fernandez (gitarra eta ahotsa), Mikel Zorrilla (bateria), Alberto Isaba (baxua) eta Mikel Isabak (teklatua) osatutako laukoteak, trilogia baten lehen emaitza autoekoitzi eta Interneten libre jarrita.

Anartz BILBAO | BILBO

«Rose Scargot» lanean boladan dauden nazioarteko doinuak aurkeztu ostean, hausnarketa sakonean murgildu ostean, pauso ausarta egin eta berriro harritu gaitu Kerobiak. Herenegun «Materia organikoa eta gainerakoak» eskegi zuen taldearen web orri berrian, nahi duen orok bere gustura hartu eta ordaindu nahi duena bere borondotez ordain dezan, Radiohead-ek «Rainbow» lanarekin egin zuen legez. Trilogia baten hasiera dugu lan berria, sei hilabeteko tarteetan beste bi diskok ostatuko dutena. Horretarako, Gor atzean utzi eta autoekoizpenera jo du taldeak, SGAEtik baja eskatuta. Antza, egungo egoerarekin ez dabiltza gustura musikariak, eta ez daude geldirik egoteko prest, Xabik kontatu digunez.

Lan berria plazara, molde berriak hartuta.

Hausnarketa bat egin dugu eta disko berriaren ideia aurrera eramateko filosofia aldaketa bat nahi genuen, entzulearen eta musikariaren arteko harreman horizontalago bat. Hori lortzeko badira formula ezberdinak, baina ez SGAE barruan. Diskoa haien bidez ateraz gero, ezin da disko hori kopiatu, zerga batzuk ordaindu behar dituzu, edozergatik kobratzen dizute..., etekin ekonomikoa kudeatze aldera. Gure musika entzunez gero, ordaindu!», nahiko formula primitiboa iruditzen zaigu eta ez dio erantzuten gaur egungo egoerari. Ez dugu nahi hori.

Beraz, SGAErekin zenuten lotura askatu duzue.

Ez da berria SGAEren inguruan sortutako eztabaida. Gu bertako bazkide izan gara lehenengo bi diskoetan, baina, sartzea oso erraza den arren, ez dago aukerarik zure etekinei uko egin gabe bertatik ateratzeko. Monopolio pribatu eta ilun bat da, egun artistei berez -egindako lanagatik- tokatzen zaien eta guztiz legitimoa duten etekina kudeatzen duen erakunde bakarra. Ez dute inongo etikarik, oso larria da.

Eta horrela, aurreko bi lanen etekinak galduko dituzue.

Ohartu gara zein sindikatu bertikala den, ez geunden batere eroso beraiekin eta formula berriak topatzeko ez ziguten erantzunik ematen, guztiz kontrakoa, dena trabak ziren. Adibidez, eskutitza bat jaso dugu gure baja onartzen dutela baina gure lehenengo bi diskoen etekinak kudeatzen jarraituko dutela esanez. Guk erabaki genuen jende horrekin lanik ez egitea, uko egin diegu eta ez dugu nahi SGAErengandik hemendik aurrera jaso dezakegun dirua, lehenengo bi diskoen etekinena. Ez digu jaten ematen, ez da diru asko, baina bada eta, itzuliko ez diegun arren, desbideratu egingo dugu, talde berrien grabaketetarako...

Creative Commons lizentzia askea aukeratu duzue.

Orain makina bat lizentzia eta aukera ezberdin daude. Hauek aztertzen aritu gara eta askoz demokratikoagoa den Creative Commons aukeratu dugu. Ez da koherentzia edo idealismo kontua, adimen kontua baizik. Gure lana kopiatzen eta bertako bertsioak egiteko askatasun osoa utziko dugu, erabilera komertziala ematen ez zaion bitartean. Orduan izango genuke etekin bat eskatzeko eskubidea.

Zein da bide berria hartzera bultzatu zaituzten hausnarketa.

Talde bezala musikagintza industria hau guztiaren gainbeheran jaio eta hasi gara. Gaur egun arte formetan izandako gainbehera ezagutu dugu eta gu ere, egia esan, erori izan gara bete ez diren aurreiritzi batzuetan, diskoen salmentei dagokionez, eta abar. Eskarmentuarekin, gero eta lan sendoagoa egiten joatean, lan eta leku guztietan bezala, ohartzen zara gustura eta eroso egoteko koherentzia bat gordetzen duen jendea behar duzula inguruan. Eta gauza bat dela edo bestea dela, bitartekariek azkenean baldintzak jartzen dizkiote zure sorkuntzari. Horrek ez du merezi eta ondorioz hausnarketa bat egin eta geure erabakiak hartzen hasteko mementoa iristen da.

Taldeak bere gain hartu du lan berriaren ardura osoa.

Lan mardula egin dugu eta disko berria taldearen autoekoizpena da. Ingurukoek laguntzeko asmoa agertu digute eta gustura gabiltza. Gure ustez, lan polita egin dugu, ondo egindakoa. Baditu bere arriskuak, baina gelditzen zaion beste alternatiba ez da hobea eta badago mundu zabal bat, orain arte ezagutu ditugun bideetatik kanpo, talde asko garatzen ari dena.

Eta Interneten eskegi duzue, edonork jaisteko moduan.

Diskoa banatzeko bi ildo erabiltzea erabaki genuen. Konturatu ginen musikaren erabilerak ez duela pauta zehatzik jarraitzen eta jendeak ez duela orokorrean disko bat erosten ezta entzuten ere, inportanteena dena. Horren aurrean, Internet da bidea, musikari eta entzulearen arteko harremanean askoz horizontalagoa egin eta sorkuntza entzulearen maila berean jartzen duena. Entzulearekin harreman bat lortzeko bidean doa orain hilabete batzuk sortu genuen bloga ere. Azkenean, ezin dugu ahaztu SGAE eta disko etxeak gure mezutik dirua atera eta askotan mezu hori desitxuratzen duten bitartekariak direla. Eta Internetek, tresna bezala, askatasun osoa eman eta bitartekariak erditik kentzen dizkigu.

Baina dendetara ere iritsiko da.

Bakoitzak baditu bere inertzia txikiak. Niri, adibidez, gustatzen zait izatea disko fisiko bat, bere azalarekin... Badugu gauza fetitxista hori eta gustua ematen du lan guztiaren erantzun bat, emaitza bat bukatuta izateak. Kalitate aldetik ere, orokorrean, disko fisikoa hobetsi izan da, nahiz eta Internetetik jaits daitekeena oso kalitate onean jarri dugun, sorkuntzan inbestimendu handi bat egin ondoren kantuen ñabardura guztiak ez galtzeko. Disko fisikoaren banaketa eta taldearen managementa, orain arte bezala, Gor disko etxeak eramango digu.

 

Fitxa

Taldea: Kerobia.

Diskoa: «Materia organikoak eta gainerakoak».

Irteera data: Herenegun, apirilak 29.

Salneurria: Norbere erabakia.

Web-a: www.kerobia.com.

Zuzenean: Maiatzak 9, Idabamusik aretoan (Zornotza).

TRILOGIA

«Disko batetik bestera denbora tarte bat utzi eta lan egiteko modu berri bat probatu nahi genuen, betiko ereduetan ez erortzeko»

internet

«Tresna bezala, bitertekariak erditik kendu eta entzulearekin harremana lortzeko askatasun osoa eskaintzen digu Internetek»

«Dinamismoa eman nahi diogu sorkuntzari»

Hiru lan laburrek osatutako trilogia.

Lan egiteko modu berri bat probatu nahi genuen eta ez betiko ereduetan erori, ez dagoelako zertan. Trilogiaren ideiarekin lanak beste modu batean banatu eta antolatuko ditugu, sorkuntza prozesu batetik bestera denbora tarte bat utzi eta inertzietan ez erortzeko. Bidea nola egin daitekeen ikusi eta sorkuntzari dinamismoa ematea da asmoa.

Alta, lan bakoitzak bere nortasuna izango du.

Musikalki hala espero dugu. Gaien aldetik, edukinontzien kontu honekin saiatzen ari garena ez da gauza berria. Edukinontzi bakoitzaren barruan begiratu nahi dugu, bertan daudelako erabili ditugun gauzak, gure bizitza moldatu eta gero bota ditugunak. Pertsona nolakoa den ezagut daiteke kontsumitzen duena aztertuta, eta saiatuko gara hori guztia egiten. Lehen lan honetan artista bera da aztertu duguna.

Fisikoki hiru ep-ren moldera emanak.

Hiru zenbaki izango dira, bai, bakoitza bospasei kantu eta hogei minutu ingurukoa. Diseinua ere asko landu dugu, begitik sartzen dena garrantzitsua delako. Ilustrazioaren munduari helduko diogu egitasmo guztian zehar, hiru lanek lotura bat izan dezaten, istorio komun bat. A. B.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo