GARA > Idatzia > Gutunak

Larraitz Etxabe, Ainhoa Odriozola, Esti Zabala eta beste sei sinadura Zestoako Zipristinez blai aisialdi taldea

Iñaki Badiola: Ilusioak zenbat balio du?

Errealeko zuzendari berriak kontseiluan egin dituen murrizketak eragin beharko ez ligukeen arren, kontu honen guztiaren «zipriztinak» nahi baino gehiago zabaldu dira eta Zestoaraino iritsi dira, besteak beste.

Zestoako Zipristinez blai aisialdi taldekook hilabeteak generamatzan Zubieta eta Anoetako instalazioetara irteera bat antolatzen herriko haurrentzat, eta erabaki honekin gure asmoak hankaz gora geratu dira. Aisialdiko kontu hauek guztiak eramaten zituen arduraduna kaleratuetako bat delako zehazki.

Kontua da aisialdi ekintza hauek dirurik ez dutelako ematen kendu direla. Izan ere, nori interesatzen zaio Zubietan larunbat goiz batean 40 ume jolasten, euren betiko futbol taldekoen instalazioak ikusten, euren idoloen ondoan egoten, azken finean, gozatzen egotea? Horrelako kontuez ez da inor enteratzen. Eta ez bada inor enteratzen, zertarako jarraituko dugu egiten? Hobe da hori kendu eta horretan xahutu beharreko dirua guztien belarrietara iritsiko den zerbaitetan gastatzea.

Baina bitartean zenbat kontu ezkutatzen dizkigu? Zenbat jende ari da kaleratzen, dirua berak jartzen duela eta, beraz, berak nahi duena egingo duela argudiatuz?

Guk argi daukagu: diruak ez du ilusioa ekartzen eta gure haurren ilusioa ezin da diruz ordaindu.

Bestalde, Zubieta zein Anoetako instalazioetara joaten ziren haur horiek dira Errealaren etorkizuna. Haiek dira, hemendik urte batzuetara, zelaian jokatzen zein harmailetan euren betiko taldea animatzen jardungo dutenak.

Baina horretarako haurren ilusioa beharrezkotzat jo beharko luke. Eta ilusio hori egunetik egunera erein beharreko kontua da. Ahaztu gabe, mila esker, Manu!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo