GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

Henrike Knörren heriotza

Henrike Knörr hizkuntzalari eta euskaltzain osoa hil da 61 urte zituela

Sendiak azaldutakoaren arabera, gaixotasun luze baten ondotik hil zen atzo Gasteizen Henrike Knörr. Hizkuntzalaritzan lan oparoa utzi du atzean, besteak beste, EHUko irakasleak. Hil-kapera gaur izango da eta hileta bihar Gasteizko Pilarreko Amaren elizan 19.30ean.

p010_f01_.jpg

R.C. | GASTEIZ

Henrike Knörr hizkuntzalari eta euskaltzaina atzo hil zen 61 urte zituela, Gasteizen, gaixotasun luze baten ondorioz, sendiak argitu zuenez. Egun EHUko Gasteizko Filologia, Geografia eta Historia fakultatean irakasle zen, eta horretaz gain, euskaltzain oso, eta Euskaltzaindiaren Iker sailburua ere bazen.

Tarragonan sortu zen Henrike Knörr, 1947ko martxoaren 2an. Aita Gasteizkoa zuen eta ama, ordea, katalana. Berak zazpi urte zituela joan zen familia osoa Gasteizera bizitzera.

Gizon jantzia zen Knörr. Filosofia eta Letretan lizentziatu zen, 1981. urtean Madrileko Complutense Unibertsitatean, Filosofia Hutsaren sailean, Alfred. N. Whitehead filosofoaren gaineko memoria baten bidez. Koldo Mitxelenaren laguntzaile izan zen Arabako Ikastetxe Unibertsitarioan, 1977. urtean, eta hurrengo urtean Gasteizko Filologia, Geografia eta Historia fakultatean irakasle izendatu zuten. Euskal Filologiako doktore titulua eskuratu zuen 1987an, Maurice Harriet apaizaren hiztegi argitaragabeari buruzko tesi baten bidez, Koldo Mitxelenaren zuzendaritzapean. Euskal Filologiako katedraduna ere bazen, 1995. urtea ezkero.

Titulazio horien guztien jabe izateak EHUko Unibertsitatean hainbat kargu betetzeko aukera eskura jarri zion: Euskal Filologia sailean zuzendari eta idazkari; Filologia, Geografia eta Historia fakultateko idazkari; eta Gregorio Monreal errektore zela, Arabako campuseko lehenbiziko errektoreorde ere izan zen, 1981tik 1984ra arte.

Euskaltzaindian 1975. urtetik

Euskaltzaindiak 1975ean hautatu zuen euskaltzain urgazle eta, bi urteren buruan, 1977ko otsailaren 26an, euskaltzain oso izendatu zuen, Antonio Arrueren ordez.

Sarrera hitzaldia Gasteizen egin zuen, «Federico Belaustegigoitia, arabar euskaltzain laguntzaile. Bere bizitza eta lanak» gaia hartuta. Jose Mari Satrustegik erantzun zion.

Euskaltzaindian bertan beste hainbat kargu bete zuen, hala nola: diruzain, Onomastikako batzordeburu (1984-2001) eta Jagon sailburu eta idazkari (1992-1995). Euskaltzain buruorde ere izan zen, 1995tik 2004ra bitartean, eta Iker saileko sailburu izendatu zuten 2004ko abenduaren 17an. Euskaltzaindiaren Arabako ordezkari ere izan zen, gainera, 2001etik 2007ra arte.

Era berean, Henrike Knörrek artikulu ugari idatzi zituen, baita hainbat liburu ere, haren webgunean ikus daitekeenez -www.henrikeknoerr.com-. Euskaltzaindiak atzo jakitera eman zuenaren arabera, hizkuntzalariak gogokoen zituen gaien artean, leku eta pertsona izenei buruzko ikerketak, euskararen historia eta euskal testuak aipatzekoak dira. Hainbat egunkaritan eta aldizkaritan plazaratu zituen bere artikuluak, besteak beste, GARAn bertan.

Hizkuntza ugari menderatzen zituen Knörrek, 2007ko irailaren 15ean egunkari honekin batera kaleratzen den GAUR8 astekarian eleaniztasunari buruz argitara emandako erreportajean azaldu zuenari helduta.

Etxean txikitan katalanez hitz egiten omen zuen. Gero, gaztelania ikasi zuen, eta 18 urte zituela hasi zen euskara ikasten. Horiez gain, frantsesa ere hitz egiten zuen -bere hitzetan, «nire bigarren edo hirugarren hizkuntza»-, alemana -Hegel edo Nietzscheren lanen jatorrizkoak irakurri ahal izateko-. Ingelesez ere moldatzen zen.

Argitaratutako liburuei dagokienez, besteak beste, «Gabonetako ikuskizuna» lanaren edizio kritikoa kaleratu zuen 1983an, «Voces alavesas» eta «Arabako euskarari buruz jakin behar dena» 1998. urtean, eta «Nombres vascos de persona: cuestiones históricas y de normalización» 1999an. Hainbat sari jaso zuen, hala nola «El Correo» egunkariak ematen duen Kazetaritzaren saria 1993an, eta Cánovas del Castillo Fundazioaren saria «Cánovas del Castillo y Vasconia» lanarengatik, 1997an.

1992an, beste batzuekin batera, kulturaren sustapenerako Landazuri elkartea sortu zuen, eta Elkarteak argitaratzen duen izen bereko aldizkariaren zuzendaritzako kide ere izan zen.

Hein horretan, Elkarteko lehendakari Rafael Fernández de Carranzak, Knörren heriotza «kulturaren munduarentzat galera handia» dela argitu zuen atzo, berria ezagutu zuenean. Era berean, Landazuriko lehendariak hizkuntzalariaren lana ez dela nahikoa ezagutu esan zuen, izan ere «ez zuen inoiz omenaldirik jaso nahi izan», horrexegatik, «zein izan zen hil eta gero jakingo dugu», gaineratu zuen.

onomastika

Euskararen inguruan ikerketa ugari egindakoa zen Henrike Knörr, eta onomastika eta toponimia bereziki aztertu zituen, gainera, hizkuntzalariak.

euskaltzaindia

Euskaltzaindian hainbat kargu bete zituen; hala nola diruzaina, Onomastika batzordeburu, Jagon sailburu eta idazkari, buruorde eta, 2004tik aurrera, Iker sailburu.

artikulu egilea

Hainbat egunkari eta aldizkaritan argitaratu zituen artikuluak. Landazuri Elkarteko aldizkariko sortzaile eta zuzendari ere izan zen. Elkarteko egungo lehendakariak, haren heriotza «kulturaren munduarentzat galera handia» dela esan zuen.

katalana

Tarragonan jaio zen hizkuntzalaria 1947an. Zazpi urte betetzean etorri zen Gasteizera bizitzera, eta ondorioz bere hamabi anai-arrebetatik sei zaharrenekin gaztelania eta katalana hitz egiten zuen. Euskara 18 urte zituela ikasi zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo