Andrée de Jongh, emakume ausarta
Henrike KNÖRR euskaltzainak GARA egunkarira igorritako euskarazko azkeneko artikulutik aukeratutako zatiak (2007-12-7)
1941eko abuztuan, 24 urteko belgiar emakume bat Bilboko britaniar kontsulatura joan zen. Andrée de Jongh zeritzan, baina guztiek Dédée deitzen zuten ordura arte, arte-saltzaile eta erizain gisa aritua zen emakume txiki eta polit hura. Elkarrizketan emakumeak bere plana azaldu zion kontsulordeari: sare bat antolatzea, Frantzian, Luxenburgon, Herbehereetan eta Belgikan eroritako hegazkinlariak salbatzeko eta Frantzian barrena Espainian sartzeko, era horretara Lisboatik edo Gibraltartik berriro ere Londresera joan zitezen (...) Hitzartu denbora iraganik, eta beste bilkura baten ondoan, abian zen Comète sarea. Zergatik izen hori? Dédée-k aterperatuen ibilbideari eman nahi zion lastertasunagatik. Aldiz, gerokoa izan liteke latinezko ikurritza: Pugna quin percutas («Borroka egin, baina ez ezazu hil»). Diru-emaileak britainiarrak izango ziren (baina lehen sosak Dédée-ren bitxien salmentatik etorri ziren); zuzendaritza, berriz, belgiarren eskuetan geratuko zen. Asmoa Bruselatik babesleku batzuk bilatzea zen mugaz handiko Euskal Herriraino. Behin Baiona aldera heldurik, zenbait mugalarik Hegoaldera ekarriko lituzkete hegazkinlariak, leku seguruagora, Espainia ofizialki neutrala baitzen Bigarren Mundu Gerran, batetik, eta, bestetik, aliatuen enbaxadak erne baitzeuden (...) Andrée de Jongh Urruñan atxilotu zuten, traizioz, 1943ko urtarrilaren 15ean. Ordura arte, Comète sareak 750tsu lagun atera zituen Frantzia, Luxenburgo, Belgika eta Herbehereetatik. Alemanak hasi zitzaizkionean galdetzen, kosta zitzaien sinestea hura zela Comète sarearen burua. Emakume haren barne indarraren berri ez jakin. Zikloi txikia deitzen zuen haren aitak (hau saiatu zen sarearen lana jarraitzen Parisen eta naziek fusilatu zuten hiritik oso hurbil dagoen Mont-Valérien muinoan, 1944ko martxoan), eta Britaina Handiaren Madrilgo enbaxadan ziharduen koronel bat honela mintzo zen hartaz: «Elezaharreko heroi hutsa da Dédée». Denbora laburra iragan ondoan espetxez espetxe, Mauthausengo kontzentrazio-zelaian zen, eta handik Ravensbrückekora eraman zuten. Infernu hartatik 1945eko apirilean atera zen emakumea, gerraren azken egunetan (...) Urriaren 13an hil da, Bruselan, 91 urte bete hurran. Betiko atsedenean gerta dadila emakume adoretsu eta eskuzabala, bere lanean euskaldun prestu eta bulartsuak izan zituena totalitarismoaren aurka gatazkakide.