Edurne Epelde Pagola eta Araitz Mendibil Mendia Euskal Herriko Bilgune Feministako kideak
AR-TBri gutun irekia
Telebista publikoak ikusezin bihurtu gaitu emakumeok, eta mugimendu feminista bera ere bai
Badirudi Euskal Herria sexu bakarreko nazioa dela. Arrak soilik ote dira bertako biztanle eta protagonista? Hauxe da bertako zenbait komunikabideri so eginez buruan darabilgun galdera. Oraingo honetan Euskal Telebista publikoa arduratu da emakumeoi eta geure ekimenei zenbaterainoko balioa ematen dion erakusteaz.
Orain gutxi 1.300 emakumetik gora bildu ginen gure egunekotasunean bizi dugun egoeraz hitz egin, hausnartu eta eztabaidatzeko. IV. Jardunaldi feministak ziren, 1977tik ospatzen ditugun topaleku eta, era berean, ekimen dinamikoa. Baziren 14 urte gurea bezalako mugimendu plurala biltzen ez zela. Jazoera garrantzitsua, beraz.
Baina, beste behin, ETBko albistegi eta programetako arduradunek garrantzirik ez zuela iritzi zioten. Gure ustez, aldiz, horrenbeste emakume bildu izana eta bertan talde feminista ezberdinek egindako ekarpenak, informazio garrantzitsua dira euskal jendartearentzat. Gai asko tratatu ziren bertan, emakumeok bizi dugun egoera eraldatzeko asmoz egindako planteamenduak sutsuki eztabaidatzen aritu ginen eta Euskal Herriko emakumeok gure errealitateari aurre egiteko aukera historikoa izan genuen.
Telebista publikoak ikusezin bihurtu gaitu emakumeok, eta mugimendu feminista bera ere bai. Instituzioetatik egiten ari diren bezala, diskurtso feminista azaletik bereganatu, indargabetu eta mugimendua desagerrarazteko asmo irmoa erakusten dute egunero, oraingoan lotsagabeki. Nahita egin dute, ez dute informazio faltarik izan, ezta transmisioan akatsik ere. Ez omen da ikusi nahi ez duena baino itsu handiagorik.
Ongi erakutsi digute, bai, sistema patriarkalaren esanetara daudela. Arduradunek, emakume zein gizon, nahiago dute egun osoan emakumearen irudi estereotipatuekin bonbardatu gure erretinak; objektuak saltzeko erreklamu bezala edo gure rola xuxen-xuxen betetzen dugun emakumearen ispilu izatea. Noizean behin halako jarrera aurrerakoi azaleko batzuekin aurpegia garbituz, ardi larruz estalitako otsoak legez sartzen dira orduro gure etxeetan.
Adibide bat aipatzeagatik, Goenkalen hainbeste urtez telebistan ikusteko aukera izan dugun pertsonaiak ditugu. Gizonezko eta emakumezkoei ezarritako rol eta estereotipoetan eraikitako pertsonaiak agertzen dira beti. Ez dago harreman eredu berrietarako tarterik. Emititu izan den urte guztietan hainbat bikote gay pasatu dira bertatik, baina lesbianarik? Arralden ba ote da lesbianarik? Ez dugu ikusi, baina egon, egongo da, «putalarrukoa!» dena.
Euskal Herri osoan emititzen den telebista bakarra da, baina biztanleriaren erdia baino gehiago baztertu egiten du. Gainera, publikoa izanda, denon poltsikoetatik ordaintzen denez, denon zerbitzura egon beharko lukeen komunikabidea da, ezta?
Zentsura da nagusi arren ikuspegitik egindako telebista honetan. Gainera, ez gara zentsuratuta sentitu den kolektibo eta mugimendu sozial bakarra. Asko gara ETBren desinformazio lanaz mintzo garenak behin eta berriz. Horregatik arduradunak erantzutera gonbidatu nahi ditugu. Ala oraingoan ere entzungor egin behar duzue?