Igor Yebra eta Bordeleko Ballet Nazionalak «Giselle» eskainiko dute
GARA | BILBO
Gaurtik igandera bitartean, Bilboko Arriaga Antzokiak Bordeleko Ballet Nazionalari irekiko dizkio ateak «Giselle» dantza ikuskizuna erakuts dezaten. Bertan izango da Igor Yebra bilbotar dantzari ospetsua -dena den, igandeko emanaldian Roman Mikhalev dantzariak ordezkatuko du-. Musikari dagokionez, Adolphe Adamen izango da arduradun eta Charles Jude-k zuzenduko du koreografia. Honek azaldu duenarean arabera lan hau «gorputzen poesiaren bidezko oroitzapena da, non errealitatearen tragediak bere lekua uzten dion fantasiari eta irudimenari».
Antzerkiaren arduradunek zuzendari honen ekarpena deskribatu dute: «Bere koreografia sentsual eta hunkigarriak ballet hilezkor honen historia luzatzen du». Ballet honek haien sorterrian XVIII mendetik aurrera egon den dantza dimentsio entzutetsu eta sortzailea berreskuratu nahi izan zuen 90. hamarkadan. Hortaz, herentzia klasikoa modernitatera zabaltzeko helburua agertu dute Bordeleko Operako Balletaren kideak. Gaurko hitzordua 20.30ean izango da eta sarrerak 10 eta 36 euro artean eros daitezke.