Dantza eta kale antzerkia izango dira nagusi Lapurdiko itsasaldean
Asteburu honetan, Festival Arts de la Rue-k antzelan desberdinez beteko ditu Biarrizko txoko guztiak. Baionan, Les Maimorables-en edizio berri bat hasiko da larunbatean, hiriburuko auzo guztietaraino lehiaketak eta mota desberdineko adierazpenak hurbilduz.
I. A. | GASTEIZ
Biarrizko txoko, kale eta plazak izango dira asteburu honetan eskainiko dituzten ikuskizunak babesteko lekurik aproposenak. Joan den asteazkenean hasi zen Lapurdi bost egunez alaitasunez, umore onez eta kolorez beteko duen Arts de la Rue jaialdia. Hitzordu honek herrialde desberdin askotatik etorritako zirkulariak, artistak eta, orokorrean, «kaleko-poetak» diren hamabost konpainia bilduko ditu Biarritzen 36 ikuskizun egin ditzaten. Aukera desberdinak egongo dira ekintza bakoitza ikusteko. Gaur, 11.00etan hasiko da lehenengoa eta 22.30era arte joango dira konpainia desberdinak euren trebetasunen berri ematen: Martinet, Joseph K, Theatre du Versant, Atelier Lefuvre & Andre, beste askoren artean. Bihar eta etzi ere ikuskizun mugikor zein estatikoak ezagutzeko aukera izango da Biarritzen.
Lapurdiko hiriburuan, ordea, kale adierazpen desberdinak biltzen dituen jaialdia, Les Maimorables, garatuko da hilabete osoan zehar. Bihar egingo da egitarauan sartuta dagoen lehenengo lehiaketa. «Mai... photos» ekimenaren barruan, parte hartuko duten 29 pertsona elkartuko dira Pablo Bru aretoko kanpoaldean 15.00etatik aurrera. Une horretan bost hitz emango dizkiete eta hirian barrena abiatu beharko dute bost kontzeptu hauek ongien islatzen dituzten irudien bila. Ondoren, ekainaren 7ra arte luzatuko da dantza, argazkilaritza edo musika ardatz dituen ekimen hau. Arduradunek, ordea, argi erakutsi dute ez dela jaialdi bat soilik; kultura denen artean zabaltzen duen egitasmoa dela egiaztatzeko aurreko zazpi edizioak jarri dituzte adibide gisa. Bestalde, Les Maimorablesek Baionari egiten dion beste ekarpen bat kultur adierazpenak hiri osoan barrena zabaltzea da. Ohiz erdigunera mugatuta egoten badira ere, jaialdiak irauten duen hilabetean zehar kanpoaldeko eremuak ere ikuskizun desberdinez hornitzen dituzte.
24 urtez errepikatuko da Antzerkiaren Maiatza jaialdia eta aurten 22a eta 25a bitartean ospatuko da. Edizio honetan 24 taldek parte hartuko dute adierazpenen aniztasuna erakutsiz. Les Varietes aretoan egingo direnak izan ezik, gainerako ikuskizunak doanekoak izango dira. Hendaiara hurbilduko diren taldeen artean, Kilikolo Zirkoa, Theatre de les Chimeres edo Theatre du Zirkus daude. Hasiera emateko, maiatzaren 20an Les Marches de l'Elt taldeak «Jeu de Piste» lana jokatuko du. I. A.