Zortzimilakoekin ametsetan Algortan
«Un poco de chocolate»
Aitzol Aramaio Ondarroako errealizadore gazteak Unai Elorriagaren «SPrako tranbia» eleberri sarituaren egokitzapenarekin egin du bere debuta film luzean. Okasiorako, Alzheimerren gaitzak jota dagoen agurea bihotzetik ezaugarritu duen Hector Alterio argentinarra buru duen lehenengo mailako antzezle talde gorena lortu du, gainera, zuzendariak.
Mikel INSAUSTI | DONOSTIA
Zurian beltz, areto komertzialetan menta eraginkorra izatea du helburu 2002ko Kontakizungintza Sari Nazionala jaso zuen Unai Elorriagaren «SPrako tranbia» eleberriaren gaztelaniazko zinematografi-egokitzapenak. Horretarako, Aurum etxeak banatuko du behar adinako kopia kopuruarekin, eta orain arte Mundo Ficcion-en buru bestelako proiektuak garatu izan dituzten Melchor Miralles eta Miguel Torrente izan ditu koproduktore. Estreinakoz parte hartu dute Euskal Herrian nahikotasun politikoari dagokionean ez lauso ez lasto egindako filmaketa batean. Honela iritsi ahal izan zen Aitzol Aramaioren lehen lana Malagako Jaialdira, eta amaiera ekitaldian erakutsi zuten lehiaketatik kanpo. Ondarrutarra lehen ere egona zen lehiaketan «Terminal» film laburrarekin, baina lehen aldizko batentzat askoz konpromiso handiagoa da pertsonaia nagusiek kontalari papera egin eta egileak haien ikuspuntuak lehenengo pertsonan elkartzen dituen testu hain literario bati aurre egin beharra. Pentsamendu horiek guztiak filmean sartzeak off-eko zenbait ahotsen erabilera neurrigabea eskatuko zukeenez, pertsonaia bakoitzaren adierazpena bere keinu eta begiradetan bildu du.
Nahitaezkoa zen, beraz, antzezle talde kontrastatu baten parte hartzea, bai bikote zaharraren paperak nola gaztearenak hezurmamitzeko. Zinez kalitatezkoa da ondoriozko laukotea, Hector Alterio argentinarra gainerakoengan eraginez: bere arrebaren papera egin duen Julieta Serranorengan; Daniel Bruhl alemaniar-katalanak jokatu duen noizean behingo etxe okupatzailearengan; eta baita bat-bateko familia biribildu duen neskarengan ere, nahiz eta azken honen papera Barbara Goenagak antzeztean honek etxean jokatu duen. Oroitzapen eta ametsezko mundu bat nahasteko balio izan duen Algortako Portu Zaharreko kokaleku denboragabean barrena mugitu dira laurak. Lucas zaharrak bere iraganeko mamuen oroimina du, bere bizitza bidaia Himalaiako gailur mitikoetakoa den Shisha Pangma-ra igoz biribiltzean amets egiten duen aldi berean. Hori da inguruan dituenei bere baikortasuna kutsatzeko modu berezia, eta samurtasunez eta sentsazio atseginez betetako errealismoa eragin du horrek.
Zuzendaria: Aitzol Aramaio.
Gidoia: A. Aramaio eta Michel Gaztambide, Unai Elorriagaren eleberria oinarri hartuta.
Ekoizlea: Luisa Matienzo.
Argazkia: Gonzalo Berridi.
Musika: Bingen Mendizabal.
Antzezleak: Hector Alterio, Julieta Serrano, Daniel Bruhl, Barbara Goenaga, Marian Aguilera, Ramon Barea, Gorka Otxoa, Mikel Albisu, Iñake Irastorza.
Herrialdea: Estatu espainola, 2008.
Iraupena: 96 minutu.
Generoa: Drama barrenkoia.