GARA > Idatzia > Euskal Herria

«Guztion eskubideak arriskuan daudela erakutsi behar dugu»

p025_f01_140x146.jpg

Anaiz Funosas
Askatasuneko kidea

Euskal Herriko Giza Eskubideen Defentsarako Batzordearekin batera, Askatasun Oihua Foroa antolatu du erakunde antierrepresiboak egun hauetean Baionan. Azken urteotan eskubideen urraketak handitzen doazela ikusita, egoera aztertu eta askatasunen defentsaren gainean hausnarketa egitea da Foroaren helburua.

Arantxa MANTEROLA |

Bigarrengoz, Baionako IUT-Darrigrandeko auditoriuma eskubideen defentsan lanean ari diren elkarteen eta pertsonen topaketarako gune bilakatuko da asteburu honetan.

Zeintzuk izango dira Foroan jorratuko dituzuen gai nagusiak?

Euskal Herrian errepresioarekin lotura duten salbuespen egoerak aztertuko ditugu aurtengoan. Ostiral arratsean, torturaren erabilpena legitimatzeko egiten ari diren lege moldaketak izango dira hizpide, nazioartean tortura onargarria egiteko giroa ezartzen ari dela ohartu baikara. Didier Rouget abokatuaren azalpenen ondotik, Euskal Herrian gertatzen diren kasuak ere aztertuko ditu TATeko kide batek.

Biharamunean, 09.30etik goiti, Estatu frantsesean zentratuko gara. Presondegi politika eta legeria jorratuko du Gabi Mouesca OIPko presidenteak, eta erakunde horrek egindako azken txostena aurkeztuko du. Xantiana Cachenaut abokatuak Euskal Presoen Kolektiboak pairatzen dituen neurriak azalduko ditu, eta preso baten senideak bere testigantza emango du. Bigarren mintzaldia errepresioaren judizializazioa eta militanteen jazarpenari buruz izango da. Azken prozedura juridikoak ikuspegi politikotik azalduko dira (Kalaka afera, DNA laginak, kontuen blokeatzea...). Arratsaldez, «Euskal Herria ilegala» deitu dugun saioan Hego Euskal Herrian izaten ari diren epaiketek eta prozedura juridikoek zer panorama irekitzen duten aztertuko dugu eta, jakina, Madrilen epaitzen ari diren Gestorak-Askatasunaren kasua ere jo- rratuko da.

Tortura kasuak edo tratu txarrak gertatu al dira Estatu frantsesean?

Tratu txarrak bai. Estatu frantsesari dagokionez, gure asmoa da, batez ere, Parisek, abian jarri duen ildo juridikoarekin, euskal militanteen tortura osoki babesten duela erakustea. Hor dugu euroaginduaren aktibazioa. Defentsa juridikoa ahalbidetzen ez duen prozedura administratibo hau erabiltzen ari da eskuarki, eta ez dituzte kontuan hartu ere egiten leporatutako akusazioen atzean torturaren praktika dagoena. Elkarlana ere gero eta handiagoa da. Gaur egun baditugu hemen armatuak dauden guardia zibilak. Eta bihar, zer pauso egin dezakete? Gainera, ez da ahaztu behar Estatu frantsesak berak `jakitatea' baduela praktika horretan. Indotxinan edo Aljerian gertatutakoa da horren lekuko.

Jazarpen judizialaren barnean, «polizia muntaiak» salatu izan dituzue, tartean, Kalakaren aferaren inguruan gertatutakoa. Zertan da kasu hori?

Egoera berean segitzen du. Bi prozedura daude. Lehena «Ducasse afera»rekin lotua, eta bestea elkarteen kontrakoa. Ez da ezer berririk, ez dago inolako frogarik. Pertsona batek egindako adierazpenengatik daude preso. Finean, hainbat mugimenduetan parte hartzeagatik daude egoera horretan.

Ilegalizazioaren estrategia Lapurdira, Nafarroa Beherera eta Zuberoara ere hedatzen ari dela adierazi duzue berriki...

Ondorio beretsuetara iristerik badugula uste dugu. Ez dakigu forma berak izango diren ala ez, baina emaitzak berdintsuak izan daitezke. Horregatik nahi dugu jorratu gai hau Foroan. Aurpegi zuriagoarekin, «finago» jokatuz, baina de facto ilegalizazio egoerak ezagutu ditzakegu hemen ere.

Duela urte eta erdi Estatu frantseseko espetxeetako egoera larriaz azterketa sakon bat egin zen, eta hainbat ondorio atera ziren. Geroztik, sumatu al da aldaketarik?

Ez. Presondegi batzuetan, agian, garbitasuna gehiago zaintzen hasi dira, baina, oro har, egoerak bere horretan jarraitzen du. Baldintza txiki batzuk ere ez dituzte bete, adibidez, mintzalekuetan presoaren eta bisitarien artean dagoen mahaia edo hormatxoa legez kanpokotzat jo zuten azterketan, eta ez dira oraindik kendu. Dena den, azterketa horretatik eratorritako gomendio eta neurriak bost urteko ikusmugan jarri dituzte.

Estatu frantseseko herritarrak jabetzen al dira beren agintariek euskal herritarrekiko daramaten errepresio politikaz?

Arazo nagusia informazio eza da. Eskandalizatzeko arrazoi guztiak dauden arren, informazioa desitxuratuta iristen da. Ipar Euskal Herrian bertan, jende askok ez daki 30 kilometrora tortura kasuak gertatzen direla, eta beraien gobernuak horretan kolaboratzen duela. Gainera «terrorismoaren kontrako gerlaren» aitzakiarekin gauza asko irentsiarazten zaizkio jendeari. Horregatik dira horren garrantzitsuak Foroa bezalako ekimenak. Finean, gaur ezker abertzalea izan daiteke jomuga baina, egiaz, denon geroa dago jokoan; Guztion eskubideak daude arriskuan.

 

TORTURA

«Ez da ahaztu behar Estatu frantsesak berak baduela `jakitate' osoa torturaren praktikarako. Indotxinan edo Aljerian jazotakoa, horren lekuko»

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo