«Hemen, orokorrean, rockeroagoak gara, baina guk popa dugu gustuko»
Manent taldeko abeslaria
Tolosako Manent taldeak bere estreineko diskoa kaleratu du, «Txuribeltzeko amodioak». Inongo konplexurik gabeko popa egiten du boskoteak. Abestu eta gitarra akustikoa jotzen duen Denis Ruizek esandakoaren arabera, gainera, Carl Watermank produktoreari zor dioten elektronikaren kutsuak ematen dio indarra egiten duten musikari. Beraien estreineko kontzertua gaur bertan izango da, Beasainen.
Rebeka CALVO | TOLOSA
Denis Ruiz (ahotsa eta gitarra akustikoa), Tadeo Urkola (teklatuak), Iñigo Agirre Iñaki (gitarra akustikoa eta elektrikoa), Juanjo Falcón (baxu elektrikoa) eta Fermin Etxeberria (bateria) tolosarrek osatzen dute Manent taldea. Lehen diskoa kaleratu berri dute Rundown diskoetxearekin, «Txuribeltzeko amodioak», «amodioaren alde txar zein onei erreferentzia eginez». Pop eta elektronika doinuak dira nagusi.
Estreineko diskoa duzue, nola hasi zen abentura hau?
Country estiloan sar genitzakeen nire abesti batzuekin hasi zen istorioa. Tadeori erakutsi, eta berak ezagutzen zuen, eta azkenean disko honen produktore izan den Carl Watermarkengana jo genuen. Orduan erabaki genuen countrytik poperako jauzia egitea.
Countrytik popera, elektronikaren kutsua atzean utzi gabe.
Hori da, elektronikaren kutsua produkzioak eman dio. Gure musikari indarra ematen diona horixe da, gainera.
Orain dela hiru bat urte sortu zen Manent, baina noiz hasi zineten diskoan lanean?
Iaz. Carl Watermank produktoreangana jo aurretik, beste produktore batekin ere egon ginen lanean baina, azkenean, bertanbehera geratu zen guztia. Ondoren, beste prozesu batean hasi ginen: erabaki genuen diskoa geure kasa ateratzea. Pop-rockera gehiago hurbiltzen zen baina, azkenean, hura ere, arazo desberdinak direla medio, utzi egin genuen. Orduan erabaki genuen, batez ere Tadeok bultzatuta, gure pop musikari elektronikaren kutsua ematea. Musika horrekin erosoago gaude.
Euskal Herrian pop-rocka lantzen duten talde gehiago daude, behar bada pop-elektronikoaren barruan dagoen hutsunea baliatu nahi izan duzue.
Beldurra genuen, guk popa dugu gustuko, eta zergatik ez dugu bada pop eta elektronika egingo? Carl Watermenken ordura arteko lana, gainera, dance ildotik egina zen, gehiago. Horregatik genuen beldurra, ez baikenekien gure musika non sartu. Hemen, orokorrean, rockeroagoak gara, eta gure hitzek gainera amodioaz hitz egiten dute... Baina gure apustua horixe da.
«Txuribeltzeko amodioak» lanean hamar kantu bildu dituzue, eta guztiek dute amodioarekin zerikusirik. Zergatik?
Orain arte kantu guztien letrak nik idatzi ditut, eta niri errazagoa egiten zait amodioaz edota amodioaren inguruan sortzen diren egoera desberdinez hitz egitea. Nik gustuko dut eta lasaigarria egiten zait horren inguruan idaztea. Une honetan ez dut nire burua prest ikusten gizarte gatazken inguruan idazteko.
Popa egiten duten taldeek, normalean, amodioaz hitz egiten dute. Zergatik ote da hori?
Hitzek eta doinuek harreman estua dute, popean bai, behinik behin. Eta popa musika arina izanda -zentzu onean-, amodioaz hitz egiteko aukera ematen duela uste dut. Poparen doinua fina da, eta nire ustez, erromantikoa. Nik ezin diot, orain arte, behintzat, letra bortitzagorik jarri gure musikari. Oraingoz horrela ateratzen zait.
Zer da lehenago zuen musikan, hitza ala doinua?
Normalean lehenago musika egiten dugu eta gero letra jartzen diogu, baina alderantzizko ibilbidea izan duten abestiak ere badira disko honetan.
Elkarrizketa honetan behin baino gehiagotan aipatu duzu Carl Watermank produktorearen lana, grabazioa ere haren etxean egin zenuten, ezta?
Bai, berak etxean duen estudioan grabatu genuen, sei hilabetetan. Grabazioa lasaitasun osoz hartu nahi genuen. Abesti guztiak borobilduta zeuden, dena oso argi geneukan, baina aldi berean lana egin nahi genuen. Bere lana oso garrantzitsua izan da diskoan. Euskal Herrian badira popa pixka bat ukitzen duten taldeak (Kerobia, Split 77), baina rockarekin uztartzen dute, rock «deskafeinatuagoa» edo. Guk berriz, elektronikara jo dugu.
Bost lagunek osatzen duzue Manent, eta zuen arteko harremana benetan ona dela esan izan duzue, garrantzitsua da zuentzako lagun taldea izatea?
Ezinbestekoa. Gaur egun, Manent lagun talde bat da. Hasieratik taldean lanean aritu garenak Tadeo, Juanjo, Fermin eta laurok izan gara. Ondoren gitarrista desberdinak ere pasa dira, baina azkenean Iñaki -Iñigo Agirre- geratu da gurekin. Lagunak gara azkenean boskotea osatu dugunok.
Bostak musikan eskarmentu handiarekin, gainera: erromeria taldeetan, dj moduan...
Musikan lan asko egindako jendea gara, eta honek beste askatasun bat ematen dizu. Lan egiteko garaian asko eskertzen da.
Gaur bertan duzue lehen kontzertua Beasainen Dogma de Fe taldearekin batera, zer eskainiko diezue bertaratzen direnei?
Batez ere, freskotasuna. Orain arte irratietan zenbait kontzertu akustiko eskaini ditugu, baina horrek ez du zuzenekoekin zerikusirik. Zuzenekoan bakoitzaren instrumentuak izango du pisua. Tadeoren lana izango da Carlek produkzioan emandako elektronikaren kutsua zuzenean «jaurtikitzea». Bestelako ezustekorik ere izango da, zuzenekoan irudiak ere erabiltzen baititugu eta bideo-artea erabiltzen dugu agertokian. Nik uste gure kontzertura etorriko direnak «indiferente», behintzat, ez direla geratuko.
«Zuzenekoan bakoitzaren instrumentuak izango du pisua. Tadeok produkzioko elektronikaren kutsua zuzenean `jaurtikiko' du»
«Poparen doinua fina da, eta nire ustez, erromantikoa. Nik ezin diot, oraingoz behintzat, letra bortitzagorik jarri gure musikari»