GARA > Idatzia > Osasuna

Real Madril dator Sadarrera

Raúl-en oinordekoa zirudienak hortzak estutu ditu

Javier Portillo madrildarrak bere talde ohiaren aurka hasieratik jokatzeko aukera asko ditu igandean. Goi- mailan etorkizun ikaragarria izatetik, zuloan borrokatzera pasa da Aranjuezeko aurrelari fina.

p041_f02.jpg

Asier AIESTARAN | IRUÑEA

Kasu kuriosoa da Javier García Portillorena, orain dela 26 urte Aranjuezen jaio zen Osasunako aurrelariarena. Real Madrileko beheko mailetan gol gehien sartu dituen jokalaria da -700dik gora adituek diotenez- eta, normala denez, kazetariek azkar jarri zioten «Raúl-en oinordekoa» zioen kartela bizkar gainean. Baina zurien lehen taldearekindebuta egin zuenetik, bere ibilbidea ez da batere erraza izan: Fiorentinan eta Brujasen aritu zen «merengue»-ek utzita, Tarragonako Nasticera saldu zuten gero -taldea bigarren mailara jaitsi zen-, eta udan Osasunarekin sinatu zuen lau urterako. Denbora gutxian, beraz, Txapeldunen Ligan goleatzaile izatetik sailkapeneko zuloan borrokatzera ohitu den jokalaria izatera pasa behar izan du.

Horiek horrela, igande honetan aukera bikaina izan dezake madrildarrak bere talde ohiaren aurka bere benetako balioa erakusteko. Izan ere, eta Zigandak ezer aurreratu ez baldin badu ere, litekeena da Portillok hasieratik jokatzea, Juanfranek kontratuz eta zigorrez ezingo duelako jokatu, eta Dadyk ez duelako oraingoz sendagileen baimena jaso jokatu ahal izateko.

Portillok azaldu zuenez, igandeko lehia «hil ala bizikoa» da eta «ehuneko 200ean» irten beharra dago berdegunera. «Berdin» dio Villarrealek huts egin eta Real Madril partida hasterako txapeldun izateak: «Hiru puntuak lortzen baditugu «pasilloa» eta beste edozer egiteko prest nago». Real Madrili buruz, «errespetua» diola adierazi zuen, «baina batere beldurrik ez», eta talde zurian lagun asko dituela onartu arren, «zelai barruan lagunik ez» duela zehaztu. El Sadar futbol zelaia madrildarrentzat infernua dela esateak «harritu» egiten omen du, beste lekuetan ere ez dutelako «ezer oparitzen». Azkenik, hamaikakoan sartzeko aukerak izan arren «lasai» dagoela baieztatu zuen, «aurpegia emateko garaia» iritsi delako.

«Bihotza bero»

Atzoko entrenamendu saioaren ostean prentsa aretora irten zen beste jokalaria Miguel Flaño atzelaria izan zen. Iruñakoak esaldi borobila bota zuen kazetarien aurrean: «Burua hotz eduki behar dugu, baina bihotza oso bero daukagu denok».

Izan ere, jokalariaren ustez igandekoa «denboraldiko neurketarik garrantzitsuena da. Oraindik gauzak hobetzeko aukera daukagu, baina igandean galduz gero, azken bi partidetara oso behartuta iritsiko gara». Flañoren ustez, Real Madrilek Liga irabazita edukitzea abantaila izan daiteke, «helburuak beteta» izango dituztelako.

 
500 jarraitzailetik gora atzo Taxoaren

Askotan errepikatu izan da talde batek «Primeran» egon behar duela haren afizioa ere primerakoa delako. Bada, atzo Taxoaren ikusitakoa benetan azpimarragarria izan zen. Taldeak etxean jokatu dituen azken hiru partidak galdu dituen arren, eta Real Madrilen aurkako norgehiagoka Klubari Laguntzeko Eguna izango den arren, 500 jarraitzailetik gora Taxoaren izan ziren atzo Osasunaren entrenamendu saioa bertatik bertara jarraitzeko. Zaletuek txalo artean jaso zituzten jokalari gorritxoak eta inguruak kartel eta pankartaz bete zituzten taldeari behar duen babesa eskaintzeko.

Kirol arloari dagokionez, Zigandak ez zuen pistarik eman hasierako hamaikakoari dagokionez, eta ohiko partidatxoan titularrak eta ordezkoak nahasian jarri zituen. Berririk onena Dadyren itzulera izan zen, nahiz eta oraindik alta ez duen jaso. Gainera, atzo jakin genuen Murtzia-Osasuna partida Rodriguez Santiago epaileak zuzenduko duela.

Real Madrili dagokionez, Gutik entrenatu gabe jarraitzen du ezker belauna minduta baitu, eta Sergio Ramosek entrenamendua utzi behar izan zuen faringeko amigdalitis baten erruz. A.A.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo