«Finalean sakearekin gehien asmatzen duenak irabaziko duelakoan nago»
Pilotaria
Ibarrolak Binakakoan lehenengoz jokatuko du finala. Alboan, Ozafrain izango du. Nafarroa Beherekoa ez da, inondik inora, hasi berria. Urte mordoa darama onenekin lehian, eta Masterreko hiru txapel jantzita dago. Ozafrainekin, berriz, oso gustura ari da, amateurretan ere askotan osatu baitzuen bikoa.
Jon LEUNDA |
Patrick Ibarrolak Binakakoan jokatzen duen lehen finala izango du igandekoa. Patrick Ozafrain izango du atzean, eta Sebastien Sorhuet eta Paxkal Ezkurra, berriz, aurrez aurre.
Nola ikusten duzu zeure burua filaren atarian?
Sasoiko. Uste dut txapelketak aurrera egin ahala, hobetu ere egin dudala, eta une honetan egoera onean helduko naizela uste dut.
Eta beste Patrick, zer moduz?
Patrick Ozafrain ere ongi dago. Pilotari handia da, eta honelako finaletan askotan izan da. Uste dut biok heltzen garela une onean final honetara.
Lehen fasean ere batera izan zineten, baina galdu egin zenuten. Hori kontuan hartuta, zaleen ustez besteak dira faborito. Zuk zer iritzi duzu?
Ulertzekoa dela uste dut. Lehen fasean irabazi egin ziguten, eta orain jendeak hori hartzen du erreferentziatzat; beraz, haiek jotzen dituzte faborito. Normala ere bada. Orain, partida hark finalarekin zerikusi handiegirik izango ez duelakoan nago.
Finalera heldu aurretik partida bakarra galdu duzue, eta gainera, finaleko aurkarien aurka izan zen. Horrek buruari buelta asko eragiten al dizkio?
Ez, ez batere ez. Hura jokatu eta galdu egin genuen, baina ahaztuta dugu hura. Orain final bat dugu aurrean, eta beste partida bat izango da. Sorhueten eta Ezkurraren aurka txapelketako lehen partida galdu genuen, baina ordutik, gainerako guztiak irabazi egin ditugu, eta honelaxe amaitu nahi dugu lehiaketa, falta dugun partida ere irabaziz.
Lehen partida hartan zuk hamabost tanto egin zenituen saketik, eta hamabi Sorhuetek. Finaleko gakoa ere hori izango al da?
Bai, dudarik gabe. Moderne trinketean sekulako garrantzia dauka boteak, eta uste dut finaleko gakoa ere hori izango dela. Nik uste dut sakearekin ongien dabilenak eramango duela txapela. Aurrekoan hamabost sake sartuta galdu genuen, baina hori gutxitan gertatzen den zerbait da, ia tantoen erdiak baitira.
Moderne trinkete berezia da. Ongi moldatzen al zara han?
Niri asko gustatzen zait trinkete hori. Han Masterreko hiru txapel irabazi ditut. Uste dut finala jokatuko dugun lauretatik, Ozafraini gustatzen zaiola gutxien, baina hura ere pilotari handia da, eta ez dauka han jokatzeko arazorik.
Finalerdiak irabazi zenituzten, baina 17-34 galtzen ibilita. Zer gertatu zen?
Ez ginen ongi hasi, eta Larretxea-Etxetok, berriz gaitzeko partida egin zuten hasieran. Gero, ordea, haiek akitu egin ziren, eta guk, berriz, gora egin genuen. Ni sakearekin asmatzen hasi nintzen, eta gaina hartu genien. Neurketa zaila izan zen.
Finalean, Lapurdiko bikoa Nafarroa Behereko bikoaren aurka neurtuko da. Ez da askotan geratzen, ezta?
Ez, egia da; baina honelakoak ere politak izaten dira. Bi eskualdetan dira pilotari handiak, beraz, bateko zein besteko zaleentzat ere ederra izango da, seguru asko, final hau.