GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

Baskoniaren laugarren ahalegina final Four-ean

Zaldiko maldikoak bere jauzirik zailena eman behar du gaur

Ibilbidea azken urteetako gorabeheratsuena izan arren, Baskonia Europako indartsuenen artean sartu da berriz, eta aurpegirik onena eman beharko du CSKA faboritoaren aurka. Splitterrek ukondoa minduta du, eta atzo entrenatu ez zuen arren, gaur jokatuko du.

p014_f01_111x111.jpg

CSKA MOSCU-BASKONIA

Jon ORMAZABAL | MADRID

Etengabe gora eta behera aritzea ez da Final Four-era iristeko modurik egokiena, are gutxiago finalerdietako arerioa Europan azken urteotan izandako talderik egonkorrena bada. Jokalariengatik, esperientziagatik, kalitate eta historiagatik, Moskuko CSKA da aditu denen iritziz aurtengo txapela eskuratzeko faborito nagusia. Hala ere, Cajasol edo Leónen aurka galdu duen Baskonia hau hazi egin da unerik gogorrenetan, eta askorentzat azkeneko aukera izan daitekeen honetan, ez dauka beste aukera bat pasatzen uzterik. Orain lau urte, Moskun, zailagoa zirudien eta gasteiztarrek lortu zuten. Zergatik ez gaur?

Messinak atzo kazetarien aurrean azaldu zuen bezala, aurreko hiru urteetan atzealdean ibili ostean, «irabazteko goseak» bultzatu zituen Pragan beren lehen titulua eskuratzera. Taldeari, jokalari kopuruari eta baliabideei dagokionez errusiarrak nagusi direla jakinda, gogoz eta asmoz CSKAkoak ezin dira gaur gehiago izan. Pragan eta Atenasen belarrondokoak latzak izan ziren, baina taldea lehiatzeko gai izan ez zelako gertatu zen horrela. Aurten izan diren gorabeherak eta gero, gauza asko barka dezakete zaletu urdin-gorriek, baina sekula ez, irabazteko grinarik ez erakustea.

Kuraiak izan behar du gasteiztarren arma sekretua. Joko sistema askoz orekatuagoa da errusiarrena, urteak daramatzate era berean jokatzen arrakasta handiarekin. Kalitateaz harago, lanerako eta kontrolerako ahalmen izugarria du erraldoi errusiarrak, eta kantxako azken zentimetroa ere ondo kontrolatu zaleak dira. Esperientzian ere, Messinarena zazpigarren Final Four-a izango da eta Papaloukas, Holden, Andersen eta Siskauskasek ondo dakite zer den Europako zerua ukitzea.

Zurruntasun horren aurrean, Baskoniak bere jokorik biziena eta eraginkorrena atera behar du. CSKAk aurten galdu dituen partidak talderik «eroenen» aurka galdu ditu: Union Olimpija, Olimpiakos, Unicaja eta Barcelona. Errebotean nagusitu, eta korrika egiteko gai izan denean erakutsi du Baskoniak bere jokorik onena eta horren beharra izango du CSKAren aurka.

«Beraiengan, dena dut atsegin»

Partidaren atarian, Neven Spahijak konfidantza osoa erakutsi zuen bere jokalariengan, nahiz eta arerioa goraipatu. «CSKArengan, dena dut atsegin eta horixe da nire arazoa. Elkarren artean kimika oso ona duen talde bat da, oso ondo jokatzen dute erasoan eta defentsan eta beraien jokoa egiten utziz gero, oso arriskutsuak dira», azaldu zuen kroaziarrak.

«Oso harro nago munduko lehiaketarik onenean nire taldearekin egon ahal izateagatik, baita familia honetako partaide izateagatik ere», erantzun zuen Spahijak kazetari israeldarrek iaz Maccabirekin heldu ez izanaren ordaina hartzera etorri oten den galdetuta.

Splitterren ukondoa

Kirol alorrean, ere ez du arazo handirik Gasteizko taldeak, jokalari guztiak jokatzeko moduan baititu aspaldiko partez. Jasaitis jokatzeko moduan egongo da eta bere defentsarako gaitasuna garrantzitsua izango da CSKAko hegal arriskutsuak gelditzeko. Kezka bakarra Tiago Splitteren eskuin ukondoak eragin du. Brasildarrak kolpe bat jaso zuen asteazkeneko saioan eta atzo ez zuen Madriden entrenatzerik izan. Hala ere, pibotak gaur jokatzeko inolako arazorik ez duela izango aurreratu zuen.

Alor fisikoan zalantza gehiago ditu Ettore Messinak, Nikos Zisis antolatzailea eta Van den Spiegel pibota azkenaldian lesionatuta egon baitira. Hala ere, bigarren mailako peoiak diren arren, ziur jokatzeko moduan egongo direla entrenatzaile italiarrak hala behar badu.

Toscanako entrenatzaileak argi dauka «tituluaren bila» etorri direla Madrilera, baina ez du atsegin aurretiaz jarri dieten faborito nagusiaren rola. «Lehiaketa irabaztera gatoz baina burua argi izan behar dugu. Guretzat Final Four-a Baskoniaren aurkako partidan hasi eta bukatzen da. Harago pentsatzen hasten bagara gauzak ez zaizkigu ondo joango, partidaz partida joan behar dugu, eta gero ikusiko dugu».

Baskoniaren inguruan galdetuta, Spahijarenen erreboterako gaitasuna goraipatu zuen. «Gure maila jaisten badugu arazo handiak izango ditugu».

Denboraldian zehar horrenbestetan gorde duen energia une egokian erabiltzen asmatzean egongo da finalerako giltza.

 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo