GARA > Idatzia > Editoriala

Kartzelak ez du herritarrek emandako zilegitasuna kentzen

Arrasateko alkate Ino Galparsoro- ren kartzelatze eskandalagarriak hainbat erreakzio eragin du. Harrigarririk ez, ordea. Bizkaiko PSEko idazkari nagusi Jose Antonio Pastorrek esan duenez, Baltasar Garzón epailearen jarduerak ez du zerikusirik azken egunotan udaletan aurkeztu dituzten mozioekin. Alderdi horretako buruzagiek esaten dituztenek ez dute zertan besteek esaten dituztenek baino balio gutxiago izan. Hala ere, gertakariek gezurtatu dutenari eusteak ez ditu oso toki onean uzten, ez buruzagi horiek, ez Gobernu espainoleko arduradunak eta bultzada politikoak gidatzen duen epailea. Hala ere, Garzónen jarduera eta mozio horiek lotzea zitala omen da. Zitala da, beraz, epaile horren eta besteren laguntzarekin zenbait indar politiko legez kanpo jarri izanaz harro agertu izan diren gobernu arduradunen hitzak gogoraraztea. Azken hau ez da-eta prozedura berria, larria bada ere.

Hala ikusi dute beste zenbait alderdik, Garzónen erabakia arbuiatu eta PSOEk ukatzen duen lotura ikusita. Alderdi horietako batzuek, ordea, PSOEren joko makurrarekin bat egin dute mozioen alde bozkatuta; Alderdien Legea arbuiatu zuten eta haren arabera jokatu, EAJren kasuan, mozioen protagonista izateraino. Ustezko koherentzia falta hori zer interesen pean dagoen azaltzeko eskatzea gehiegizkoa izan liteke, baina argi dago interes horiek ez datozela bat Euskal Herrian benetako demokrazia eraikitzearekin.

Demokrazia hitzetatik praktikara bitartean guztiz aldatzen den kontzeptua dela erakutsi dute zenbaitek. Halatsu egin zuen atzo Javier Madrazo EBko buruzagiak zilegitasun kontzeptuarekin, Ino Galparsorok Arrasateko alkatetzan egoteko zilegitasunik ez duela esanda. Zilegitasuna, ordea, ez du alderdi batek ez gobernu batek ematen, nahiz eta Estatu espainolean demokrata labela proiektu jakin batekin datozenek baino ez dutela merezi dirudien. Paradoxikoa baina erreala. Paradoxikoa, jarrera hori demokrazia kontzeptuaren alderantzizkoa delako, hain justu. Erreala, horren ondorioak herritar asko beren larruan sufritzen ari direlako, Euskal Herrian gabezia demokratiko nabarmena dagoelako. Zilegitasuna herritarrek ematen diete hautetsiei. Eta kartzelatzeak ez die hori kenduko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo