GARA > Idatzia > Txokotik

Floren Aoiz www.elomendia.com

Kartzelatze etikoak

Pertsonaren eskubideen bortxaketarik larriena estatuek eskubide horien izenean egiten dutena da. Baina, gainera, urraketa justifikatzeko argudio etikoak erabiltzen baldin badira, legeak, etika, boterea, politikagintza eta eskubideak nahasten dira nabarmenki, eta benetako justizia desagertu egiten da. Halaxe gertatzen ari da orain, gure aurrean. Mozio etikoak aurkeztu dituzte PSOE-EAJkoek, eta, botazioak galdu ondotik, eta operazio politikoaren ondorioak ikusita, beste batzuk agertu dira, porrota estaltzeko. Errepresioa beti da porrotaren agerpena, aurreko porroten ondorioa eta etorriko direnen aurrekaria. Ez da gehiengoa lortzen hainbat osoko bilkuratan? Lasai, epaileek konponduko dute, eta hor konpon! Ezintasun politikoak ez dira errepresioz ezkutatzen, alta. Etikaz pontikifatu nahi zutenen kontra itzuli da etika. Hobe zuten beste biderik aukeratzea, baina ez; argi utzi nahi zuten beren arrazoiak etikoak direla. Orain, beren etikaren aurrean belaunikatzen ez dena kartzelatzen dute, etika horren oinarriak non diren nabarmenduz.

Garai batean dena zen bat: etika, morala, erlijioa, estatua, boterea, politikagintza. Isabel eta Fernando erregin-errege «katolikoek» ederki ordezkatzen dute garai hura, nahiz eta ez ziren bakarrak izan. Inkisizioa izan zen, hainbat mendetan, jazarpenaren tresna, eredutik at egon zitekeen oro hartzen zen etsaitzat. Estatua eta Eliza bat eginik zeuden maila askotan, eta egunorokoa zen Inkisizioa estatu arrazoien arabera jardutea.

Gaur egun, XXI. mendean, teorian, demokrazian bizi gara espainiar Estatuan. Estatuak ideia guzien defentsarako aukera, eta pertsona guzion legearen aurreko berdintasuna bermatzen ditu. Hau da teoria, bai, baina errealitatean Estatuak ideiei eraso egiten die eta etikaren monopolioa bereganatu nahi du gaur egungo ereduaz bat egiten ez dutenak kriminalizatzeko.

Itxuren gainetik, beraz, gauzak ez dira hainbeste aldatu azken mendeetan. PSOEk eta EAJk aurkeztutako mozio etikoak, finean, XXI. mendeko exorzismo saioak ziren, baina deabruak, beti bezain azkar ibili delarik, ihes egin zuen. Horregatik, Inkisizioaren parte hartzea beharrezko bilakatu zen. Espainiar epaileei egokitu zaie exorzisten ezintasunetik haratago joatea.

Eta askotan hitz egiten da Erdi Aroaren iluntasunaz! Gaurkoak bai garai argiak eta gozoak askatasunetarako!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo