Beste «injekzio» bat finantza merkatuari
Europako Banku Zentralak, AEBetako Erreserba Federalak eta Suitzako Banku Nazionalak, atzo iragarri zutenez, finantza merkatuei laguntza emendatzea adostu dute, banku komertzialen likidezia arazoek jarraitzen dutela egiaztatu ostean. Horrek esan nahi du banku jaulkitzaileek banku komertzialei laguntzeko diru publikoa erabiliko dutela. Berriro ere, ez baita lehenengo aldia; joan den udaz geroztik milaka milioi euro «injektatu» diote finantza merkatuari. Ikusteko dago, hala ere, neurri horiek munduko merkatuetako kreditu krisiaren amaiera ekarriko duten.
Banku jaulkitzaileen laguntzak beharrezkoak omen dira, merkatuen gainbeherak denon kaltea ekarriko bailuke; hala ere, gauzak okertzen direnean diru publikoaren laguntzari heltzea ez dator bat estatuen esku-hartzea arbuiatzen duen sistema ekonomikoaren defendatzaile sutsuenek aldarrikatzen dutenarekin. Merkatua autorregulatu egiten dela esaten dute behin eta berriz –zenbait «adituk» adimenduna esaten diote merkatu horri–, baina ez dute hartaz egia osoa esaten. Krisiek herritar guztiak jotzen dituzte, hori nabarmena da, eta denek egin behar diete aurre; baina oparoaldiak herritar gehienek ez dituzte sumatu ere egiten. Esan liteke sistema honen kontraesana dela, baina askoz egokiagoa da bidegabekeria nabarmena dela esatea.