Julen Etxeberria Sortzen-Ikasbatuaz elkarteko koordinatzailea
Galdera ugari hezkuntza euskalduntzeko ikasteredu bakarraren aurrean
Maltzurra izan behar du edota maltzurkeriaz jokatzen du Euskal Herrian gaztelaniaz edo frantsesez bizitzeko aukera bermatuta ez dagoela botatzen duenak
Azken aste hauetan gaia berriz ere mahaigaineratzen ari bada ere (hala nola Gasteizko Lege Biltzarrean edota telebistan), ikasturte hau ere isil-isilean ari zaigu pasatzen EAEn agindutako hizkuntza ereduen inguruan inolako aldaketarik iragarri gabe.
Gure elkarteak, Sortzen-Ikasbatuaz ikastola eta eskola publikoen elkarteak, jendarteko gehiengoak bezala, eredu linguistikoen politikaren aldaketari buruzko aldarrikapena behin eta berriro egin badu ere, ezer gutxi da azken garai honetan aurreratutakoa. Iaz EAEko Hezkuntza Sailak 2008-09 ikasturtean abian jartzekoa zen dekretu berria iragarri zuen. Aipatu ereduen politika linguistikoaren porrota ondorioztatzen zuen errealitatearen azterketa sakona erantsirik zeraman argitaratutako dekretu proposamenak.
Hala ere, aurtengo ikasturtea ere isilean pasatu dela argi dago. Porrota, gutxi batzuen gozamenerako, azkenaldian agertutako plataforma lekuko, beste urtebetez luzatzea lortu da-eta. Badirudi, gainera, lorpen hori epe zehatzik gabe luzatzeko zailtasun handirik ez dela izango: 2008-09 ikasturterako aurrematrikulazioa izan da oraintsu eta hiru ereduetan izena emateko aukerak bere horretan jarraitu du. EAEko sektore txiki-txiki bat, 200 biztanle, beraz, harro sentituko da.
Baina zer gertatzen da milaka eta milaka Euskal herritarron hizkuntza eskubideekin? Bada, epe finkorik gabe, «elkarbizitzaren» izenean, beraien eskubideak zapalduak izaten jarraituko dutela: maltzurra izan behar du edota maltzurkeriaz jokatzen du Euskal Herrian gaztelaniaz edo frantsesez bizitzeko aukera bermatuta ez dagoela botatzen duenak. Edonork eta edonon erantzungo dio gaztelania edo frantsesa erabiltzen duenaren hizkuntza berean hark galdetutakoari. Baina norbaitek ziurta diezaiguke Euskal Herriko edozeinek edo edonork euskaraz erantzungo diola galdeketa euskaraz egiten duenari?
Erantzuna bistakoa da, eta kontrakoa argudiatzen duenari gezurra esaten ari dela esan behar diogu ozenki.
Euskal Herri osora zabaldu gabe jarraitzen badu ere euskararen ofizialtasunak, izate hori duen lekuetan ere administrazioek ez dute bermatzen bertakoa den hizkuntzaren ezagutza, hau da, ez dute bermatzen ofiziala den hizkuntzaren ezagutza. Pentsa, Salamancako hezkuntza arduradunek gaztelaniaren ezagutza bermatuko ez balute!
Horrela, lau-bost haur elkartzen diren lekuetan nahikoa da batek euskara ez jakitea asteburu bakarrean beste laurek erdaraz ikasteko. Haur erdaldun horrek, aitzitik, ez du euskaraz hitz bat edo beste barneratzeko zorterik izango. Ez al da egia?
Hala ere, gu gara erradikalak, gu jendartearen kohesioa apurtzen dugunak, gu integrista kulturalak Euskal Herrian. Egoera surrealista, ez al da?
Bada gaztelanizko atsotitz bat adierazten duena itxaropena dela galdu beharreko azkena (zein aberasgarri den hizkuntzak jakitea, benetan esaten dugu), eta horri atxikirik, oraindik ere aipatu errealitatea aldatzeko aukera badugula sinesten dugu Sortzen-Ikasbatuaz elkartean, EAEn euskal herritarron hizkuntza eskubideak ere errespetatuko dituen dekretua zabalduz.
Dekretu horrek jaso beharrekoak zehazten saiatu da gure elkartea, Euskararen Kontseiluko bazkide gisa, hezkuntza batzordearen barnean proposamena landuz eta EAEko Hezkuntza Sailari ezagutaraziz. Guztion artean landutako proposamen sendo honek, hezkuntza eremuko eragileen arteko adostasun zabala du, jendarte eskaeraren isla, eta euskara eskola hizkuntza izendatzea du xede.
Hezkuntza eragileen artean lortutako adostasuna, besteak beste, kontuan hartuz, ausardia eskatzen diogu Eusko Jaurlaritzari, azkar baino lehenago, ikasteredu berriari dagokion dekretuaren inguruan hartu beharreko erabakiaren aurrean.