GARA > Idatzia > Kultura

Argazkia eta irudia protagonista, hilabetez, eibarren

«Argazkilaritza maiatzean» izenburupean, erakusketa ugari eta lantegi ezberdinak oinarri izango dituen ekimena abian dago jada Eibarren. Hilabete osoan irudiaz gozatzeko aukera izango da, beraz, herrian. Autore, diziplina zein estilo ezberdinetakoak izan arren, protagonista argazkia bera izango da egitarau osoan.

p046_f02_140x160.jpg

GARA

Sei erakusketa -hiru norbanakoak eta beste hirurak taldekakoak-, argazkilaritza digitalaren gaineko lantegi bi eta argazki rallya. Horiek dira Eibarrek hilabete osoan zehar hartuko dituen ekimenak. Herriko Klub Deportiboaren eskutik antolatu da «Argazkilaritza maiatzean» hitzordua, eta egitaraua aurrera eramateko Udalaren, Eibar Merkataritza Gune Irekiaren, Euskal Herriko Argazkilari Taldeen Elkartearen, Arrate Kultur Elkartearen zein Portalea eta El Ambigú tabernen laguntza izan du bidelagun.

Hori horrela, dagoeneko ikusgai dauden erakusketei dagokionez, Gabriel Brau-ri Portalean eskainitako tartea nabarmendu daiteke hasteko. «Afrikako argiei» begira jarriko ditu artista katalan entzutetsu honek bisitariak. Hain zuzen ere, 2007ko Argazki Sari Nazionala -espainola- irabazi zuen Brauk, eta bere lanak mundu mailako oihartzuna irabazi dute azkenaldian. Eibarrera dakarren txuri-beltzeko irudi sortaren bitartez, kontinente beltzeko argi eta itzalak bihurtu ditu protagonista. «Afrikara, lehen aldiz, 1998. urtean joan nintzen, eta hasieratik jakin nuen esperientzia hura nire bizitzaren inflexio puntu bat izango zela», aitortzen du artistak berak. «Urte hauetan zehar Afrikako beste herrialde batzuetara bidaiak egiten segitzeko zortea izan dut; eta bertako gizonezko, emakumezko, ume eta edadetuak nahiz euren bizi esperientziak ezagutzeko pribilegioa ere bai, nire irudien bidez erakusten utzi dizkidatenak», laburbildu zuen Brauk.

Espazio berean, Portalean, Eibarko Klub Deportiboko Leize-Ikerle Taldeak Deba Arroan eta han inguruan dauden kobazuloak eta leizeak ikusteko aukera eskaintzen du beste erakusketa kolektibo batean; kasu honetan hiru dimentsiotan. Haitzuloen sarrerak, koba barruko areto handiak, han dauden saguzarrak eta hartz baten eskeletoa ere aurki daitezke. Irudiak erliebean ikusteko betaurreko bereziak jantzi behar ditu bisitariak, koloretako bi iragazki dituztenak, bata urdina eta bestea gorria -betaurrekoak erakusketa aretoan lor daitezke; bisita amaitzean itzultzekotan-.

Javier Arcenillasen «City Hope» da Portalean dagoen beste erakusketa. Latinoamerikan hondakin ez organikoak biltzea lanbidetzat duten ehunka biztanleren bizimodua eta beraien bizitokiak islatu nahi izan ditu artistak bere irudiotan. Cover Agentziarekin eta Medicus Mundi GKErekin batera egindako argazki-saiakera hau erakusketa honi laguntzen dion «City Hope» liburuan dago islatuta, Kazetaritzako Doñana saria jaso duen liburuan. Arcenillas, madrildarra bera, Eibarko azkenengo Indalecio Ojanguren argazki lehiaketako irabazlea izan zen, boxeolari kubatarrei buruzko irudi bati esker.

Arreta Topalekura bideratuz gero, berriz, Juan Angel Arrietaren «Argia» erakusketa dago ikusgai. Gaia, donostiarrak esan duenez, «hortxe egon da beti nire argazkietan, argiari irmo atxikita ibili naiz argazkiei behar duten sakontasuna emateko, perspektiben jokoari uko eginda. Hala ere, lan honekin -25 eta 35 urte bitarteko lana- harago joan nahi izan nuen eta argi horrek eskaintzen digun giroa harrapatu nahi izan nuen, gorputzak inguratzen dituen giro argitsu hori, batik bat izadian gertatzen dena». Erakusketa hau, beste guztiak ez bezala, maiatzaren 25ean itxiko dute.

Erakusketa kolektiboen artean, bestalde, Eibarko Klub Deportiboko Argazkilaritza Taldeak -ekimen osoa antolatu duenak, alegia- hilabete osoz ikusgai jarriko duena ere badago. Urte osoan egindako eguneroko lanaren lagin bat aurkeztuko dute taldekideek, eta zera azaldu dute aurtengo hitzorduaz: «Ez da Eibarren (edo beste leku batean) egiten dugun erakusketa kolektibo bakarra. Urtean zehar erakusketa asko egiten ditugu, eta ez dugu sekula izaten argazki falta, gure lanak kontaezinak baitira; gure arazoa, ostera, lekua da, gure lanak erakusteko lekurik eza. Joan den urtean beste esparru berri bat aurkitu genuen gure argazkiak erakusteko: Portaleko taberna. Aurten, beraz, El Ambigú tabernan eta Portalean, bietan, jarriko dugu gure erakusketa kolektiboa, argazkilari kopuruak gora egin duelako eta leku gehiagoren premian gaudelako, argazkilari bakoitzak argazki bat ipintzeko aukera izan dezan».

Beste bisitaldi bat Klub Deportiboko tabernara egin daiteke hil honetan. Euskal Herriko argazki lehiaketa nagusia den Argizaiola sariarekin lotuta dago azken hau. Antolatzaileek argitu dutenez, hasiera batean argazki onenak aukeratzen ziren sari horretarako. Orain, aldiz, argazkilari sarituak gonbidatu, eta beraiek aukeratzen dituzte aurkeztuko dituzten argazkiak. Sariketa honen bigarren garaia 1995ean hasi zen, eta aurten 28. edizioa egin da.

Brau eta Divasson, maisu lantegietan; eta argazki rallya, beste behin, ekainean

Argazki erakusketak ez ezik, Eibarrek bi lantegi edo tailer ere hartuko ditu hil honetan zehar, biak ala biak Portaleako areto nagusian. Gabriel Brauren ardurapean burutuko da horietako lehenengoa, eta «Argazkilaritza Maiatzean» ekimeneko hitzordurik esanguratsuenetakoa izango da. Izan ere, Bartzelonan sortutako artista honek irudiarekin lanean jardun du 1989.urtetik, eta ibilbide horretan eskuratu dituen sariak anitzak dira oso -azkena iazko Argazki Sari Nazionala-. Hilaren 9, 10 eta 11n egingo da tailerra, eta artxibo digitalaren txuri-beltzeko tratamendua izango du ardatz.

Bigarren lantegia Alfredo Divassonek eskainiko du hilaren 17an “Fotografía en 3D: Anaglifos” izenburupean. Klub Deportiboko Espeleologia taldeko kide da Divasson.
Bestalde, aurreko edizioetan bezala, aurten ere ez da faltako Argazki Rallya Eibarren. Ekainaren 1ean izango da, eta partaideek zuri-beltzean eta digitalean erakutsi beharko dute sormena. GARA

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo