Koldo Aldabe 2008/5/1
Mozioetatik epaile `etikoetara'
Berria
Demokraziak balio ez duenean, hor egongo da Justizia-edo babak eltzetik ateratzeko, ekimen politikoak egosteko. Arrasateko alkatea Auzitegi Nazionaleko ziega zuloan sartu izanak haren aurkako zentsura mozioa aurrera atera ez izanarekin zerikusirik ez duela dioenak azala behar du gero, epaileak erabaki aurretik eta Guardia Zibilak frogak aurkeztu aurretik han baitzegoen Espainiako Gobernuko apendizea Ino Galparsoro giltzapetu zezaten eskatzen. Formak ere gorde ezinean, ziur asko.
Eta, behin Arrasatekoarekin hasita, gauza bera -eta zigor bera- egitea badago EAE-ANVko alkate guztien aurka, eta alkateekin batera, zinegotzien aurka; haiek denak ez dira, bada, Galparsoro baldin bada, «ETAren ordezkari instituzionalak»? Zertarako arriskatu zinegotzi propioak beren herritarren haserrea jasan dezaten, epaileak hor baldin badira? Justizia etikoa hori ere.
Bost gazte bosna urtera kondenatu dituzte atzo Galparsoro izan zen auzitegi berean. Hamalau epaitu zituzten eta bost zigortu; atera kontuak frogarik gabe kondenatzeko eskuak dar-dar egiten ez dien epaileek bederatzi gaiztagin zigorrik gabe utzi baldin badituzte, zein pisu izango zuten haien aurkako frogek. Kondenatutako bat, gainera, gertaerak jazo ziren unean beste leku batean zegoen, gurasoekin (...). Andoni Beroiz du grazia, eta ez da lehen aldia une berean bi tokitan izan dena. Ertzaintzak kokatu zuen, gainera, bi kasuetan hura ez zegoen lekuan. Zigor etikoa, azkenean.