GARA > Idatzia > Zorroztarria

julen MURGOITIO

Abiadura handiko gosea

Elikadura eta Nekazaritzarako Erakundeak (FAO) datu esanguratsuak kaleratu ditu egunotan, munduan goseak dauden lurtarren egoera larriaren haritik. Inoizko lurtar multzorik handiena da gaur goseak dagoena. Mundu bateko hazkunde ekonomikoak beste munduan sortu duen gosetien hazkundea. Eta mundu biak daude mundu berean, honetan hain zuzen. Hau kolpea! ahoa betetzeko apenas modurik duten gehienak nekazariak dira! Zelan izan liteke nekazariak eta arrantzaleak gose izatea? Burua bueltaka ipinita ere ulertu ezina egiten zait. Kuriosoa-edo bada, mundu batean parke teknologikoak zabaldu ahala beste munduan goseberen parkea zabaltzen da. Eta mundu biak daude mundu berean, honetan. Mundu Bankuko buru nagusiak esana berri du, egoeraren larriaz ohartu nahian edo, herrialde garatuek dirutza bideratu behar dutela goseak hartuta dituen bi mila milioi laguni elikagaiak banatzeko. Garatuek? Madarikaziozko garapena mundu bera bitan banatzen duten horiena! Buru berak esana du ere «konpromisoek ez dutela goseberen ahoa betetzen»; bai, egia, baina kontuak atera zer betetzen duten kondenek! Seguru nago mundu bateko eta besteko lagun askok oinarrizko elikagaien prezioen igoera kondenatzen dutela goizero, eta? Etika. Ahoa etikaz betetzeak ez du gose denaren gosea asetzen; inongo munduan ase ez. Pentsatzen jarrita, konfiantza gehiago ematen didate itsaslapur batzuek banku horretako exekutibako guztiek baino.

Mila eta zazpiehun milioi dolar inguru beharko lirateke gaur premiazkoenari bide emateko. Abiadura handiko trentzar horren aurrekontuaren bostena edo. Aukera ederra gero, euskaldun jendearena ekintza berean bi helburu lortzeko, mundu bateko azpiegituren zoramenarekin amaitu eta horko dirutza beste munduko ahoak betetzera bideratu. Areago, lekuan lekukoek euren ahoa betetzeko modu iraunkorra; hots, lur emankorra, izan dezaten bideratu. Horrela ez genuke gure lurretan ikusiko trentzar hori saltoki handietarako soberako elikagaiak eta gasolindegietarako nekroerregaien zisternak garraiatzen. Hau kolpea ere! zenbat eta saltoki handi eta gasolindegi gehiago zabaldu mundu batean, hainbat eta aho gehiago huts geratu beste munduan. Hangoen ustea hemengoen ustela. Hemen ahoa bete etika, han ahoa bete hortz. Abiadura handiko hipokresia garatua! Kondenatu egiten dut!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo