GARA > Idatzia > Euskal Herria

Naziotasuna aldarrikatzeko indar anitzak bilduko dira Iruñean

Aurten ospatutako Aberri Egun bateratua berriz bizitzeko gogoz, Nazio Eztabaidaguneak «Nazio Plaza» antolatu du. «Sentsibilitate ezberdinak» bildu dira horretarako, euskal nazioaren aldeko lanean «indarrak metatzeko» asmoz. Horrenbestez, ekainaren 7an Iruñean milaka lagunek «nazio bat garela eta gure buruaren jabe izan nahi dugula» aldarrikatzea eta parte hartuz ekarpenak egitea espero dute.

p019_f02_148x124.jpg

Jasone MITXELTORENA |

Aurtengo Aberri Eguna bateratua izan dela kontuan izanda, Nazio Eztabaidaguneak elkarlanaren aldeko apustua egin du, eta berriz naziotasunaren aldeko aldarri bateratua plazaratzeko asmoz, datorren ekainaren 7rako «Nazio Plaza» ekimena antolatu du Iruñean. «Sentsibilitate, ikuspegi eta esparru ezberdinetako herritarrek» bultzatu dute, eta hala ikusi zen atzo Iruñean egindako agerraldian; hainbat euskal eragileren babesak aniztasuna irudikatu zuen.

Paula Casares-en ahotik aditu ahal izan zen ekimen honen mamia: «Euskal Herria munduko nazio burujabeen mapan kokatu nahi duen nazioa da, baina ez dago gisa horretan aitorturik». Nazio baten ezaugarriak biltzen dituela gogorarazi zuen, besteak beste, hizkuntza, kultura, lurraldea, ekonomia, historia eta nazio izatearen «kontzientzia kolektiboa». Europako herri zaharrenetakoa izanda, ezaugarri horiek irauteko, «mendez mende, belaunaldiz belaunaldi» milaka gizon-emakumek egindako lana nabarmendu zuen, eta gaineratu zuenez, horiei esker, «XXI. mendean gure buruaren jabe izateko aukera dugu».

Aldaketarako «lan geldiezina»

Gure egunetaraino egindako bidea erraza izan ez den bezala, etorkizunekoa ere oztoporik gabea ez dela izanen ohartarazi zuen Casaresek: «Euskal Herriak ukaturik eta zatiturik jarraitzen du, eta eskubideen bermean oinarritzen den konponbide demokratikoa ukatzen ari zaio». Egoera honen erantzule egin zituen «gure izaera espainiar eta frantziar estatuen baitan urtzeko ahaleginak», eta ohartarazi zuenez, «gure biziraupena kolokan jartzen duen egoera» da.

Hala ere, «aldaketaren aldeko lana geldiezina dela» ziurtatu zuen, «Euskal Herria aldaketaren alde martxan dagoen herria baita». Horren adibide aipatu zituen «egunez egun, esparruz esparru, herriz herri nahiz nazio mailan sustatzen ari diren dinamika eta egitasmoak», hala nola «euskararen normalizazioaren alde, hezkuntza sistema nazionala bultzatuz, emakume eta gizonen arteko parekidetasuna landuz, bertako esparru sozio-ekonomikoa jorratuz eta gure kulturaren garapena sustatuz». «Agertoki berri bat eraikitzen eta aldarrikatzen ari gara, non Euskal Herriaren aitortza, lurraldetasuna eta erabakitzeko eskubidea bilduko diren», adierazi zuenez.

Ekainaren 7an, Iruñean

Milaka euskal herritar lanean ari dira, baina martxan dauden ekimen anitz horiek biltzeko beharra azpimarratu zuten «Nazio Plazaren» antolatzaileek. «Nazioa gara, Zazpiak bat, Auzolanean» leloa aukeratu dute, eta nabarmendu, «bakoitzak bere egitasmo politikoari nahiz sozialari uko egin gabe, burujabetzaren alde indarrak metatu eta elkarlanean oinarrituriko nazio estrategia gorpuzteko beharra».

Horretarako urratsa izanen da Iruñekoa. Eneko Compains-ek azaldu zuenez, goizean herritarren foroak eginen dira. Euskal Unibertsiteari eta auzolana garatzeari buruz arituko dira. «Euskarazko wikipedia» tailerra ere eskainiko da. Bertsolariak, dantzariak eta haurrentzako emanaldiak izanen dira, eta amaieran ikurriñari omenaldia eta aldarrikapen-ekitaldia eginen dira. Bazkaria peñekin elkarlanean antolatu da, eta 17.30ean Martxa Nazionala abiatuko da Golem zinematik. Informazioa www.naziogunea.net-en dago.

aldaketaren plaza

«Nazioa gara, Zazpiak bat, Auzolanean» aldarria egiteko, ekainaren 7an Iruñean izateko deia egin zuten antolatzaileek: «Milaka ahotsekin ahots bakarra ozen adituz, Iruñea aldaketaren plazaren erdigune bilaka dadin».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo