Berezkoen Binakakoa
Faborito garbirik gabe jokatuko da final handia
Sorhuet eta Ezkurra Ibarrolaren eta Ozafrainen aurka lehiatuko dira Baionan
Jon LEUNDA | BAIONA
Heldu da aurtengo txapeldunen izenak jakiteko tenorea, gaur argituko baita Moderne trinketean 17.00etatik aurrera jokatuko den partidan, zeinek hartuko duen Waltariren eta Etxetoren lekukoa. Haiek jantzi zuten iazko txapela; aurten, ordea, final handian ez da ez bata, ez bestea izango. Izan ere, Sorhuet-Ezkurra Ibarrola-Ozafrain izango baitira lehiakideak.
Ezkurraren eta Ozafrainen arteko finalak ohikoak ari dira bihurtzen. Ziurrenik, egungo bi jokalaririk onenak dira. Atzera begira jarri, eta azken urteotan bai binaka, bai banaka jokatu diren finalei erreparatuz gero, bien izenak agertuko dira gehienetan, nahiz eta biak pilotari gazteak izan.
Gakoa, ordea, aurrean egongo da, Sorhuet eta Ibarrola lehen aldiz izango baitira final handi batean. Sebastien bikain dabil, eta Bakarkakoan hirugarren postuan amaitu zuen. Patrick binaka ateratzen da. Ezker hutsa da, eta buruz buru ez lehiatzea nahiago izaten du.
Bi biko hauek ezagunak dira, lehen faseko ligaxkan ere elkarren aurka jokatu zuten-eta, gaurko pilotaleku berean gainera, beraien partidarekin abiatu baitzen aurtengo txapelketa. Orduan, Sorhuetek eta Ezkurrak irabazi zuten 40 eta 32, 81 minutu pilotan aritu ostean.
Beraz, aurrekari hori kontuan hartuta, ulertzekoa da gaur dirua Pausoakoaren eta Urruñakoaren alde ateratzea, biko lapurtarraren alde, alegia, eta hori izango da neurketaren beste alderdia, Lapurdi eta Nafarroa Beherea aurrez aurre.
Lau pilotariak goi mailakoak dira, eta finalak beti izaten dira bereziak. Gauza bat da faborito izatea, baina lauren arteko aldeak txikiak izanik, Ibarrolak eta Ozafrainek irabaziz gero, ez litzateke ezuste handia izango.
Lehen fasean elkarren aurka jokatu zuten partidari begiratuta, ohartzekoa da boteak ikaragarrizko garrantzia izan zuela. Partida hartan, Ibarrolak 15 tanto egin zituen hasierako jokaldiarekin, eta hiru gutxiago Sorhuetek.
Ibarrolaren gakoetako bat hori da, sakea. Pasa den igandeko finalerdietan ere min handia egin zuen. Alde handiarekin galtzen ari baziren ere, sakearekin asmatzen hasi zenean, partida irauli zuten. Hori bai, errestoan Paxkal Ezkurra izango du, eta Urruñakoari sakea sartzea ez da erraza. Joan den ostiralean Oloroen oso bote txarrak ateratzen zizkion Waltarik, baina kintze gutxi sartu zizkion, ikaragarrizko pilotak eraman baitzituen.
Sorhueten hasierako jokaldia ere ez da txantxetakoa, eta bera ere ahaleginduko da botearekin min egiten, nahiz eta Ozafrain gainditzea ere erraza ez den.
Finalerdi estuak
Finalean diren bi bikoak merezimendu osoa dute. Finalerdietan oso norgehiagoka zailak izan zituzten, eta sekulako partidak egin behar izan zituzten garaipena erdietsi ahal izateko, baina, hala, lau pilotariek argi utzi zuten sasoi bikainean daudela.
Sebastien Sorhuet eta Paxkal Ezkurrak orain arteko partida guztiak irabazi dituzte, eta Patrick Ibarrolak eta Patrick Ozafrainek, aldiz, partida bakarra galdu dute, hain zuzen ere, gaurko finalean aurrean izango duten bikoaren aurkakoa.
Moderneko finala 17.00etarako iragarrita dago, baina aurretik Bigarren Mailako finala jokatuko da, 16.00etan hasita. Lehiaketa hau Kopa izenarekin bataiatu dute. Alfaro eta Lazkano, Aranburu eta Dermiten aurka lehiatuko dira.
Gaztetasuna eta eskarmentua izango dira aurrez aurre. Alfaro eta Lazkano berriak dira profesionaletan, baina Aranburuk eta Dermitek urte asko daramatzate onenen arteko lehian. Final nagusian ere izandakoak dira, eta horrelakoetan eskarmentu handiagoa dute. Agian hauek izan litezke faboritoak, baina hemen ere ez da faborito garbirik ikusten.