GARA > Idatzia > Kolaborazioak

Jon Nikolas Lopez-Ituiño eta Zelai Nikolas Ezkurdia Euskaria Fundazioko kideak

Nekerik gabe ez dago ogirik

Loiolatik bi ondorio nagusi atera daitezkeela uste dugu: lehena, gatazkaren konponbideak irtenbidea baduela; eta bigarrena, oraindik ere lana egin behar dela Loiolako ardatzak garatzeko

Azken hilabeteetan herritarrak ikusten ari gara alderdi eta eragile politiko guztietan bi talde daudela, bi norabide alegia. Bat kontserbadoreagoa, egonean egon nahi duena. Bestea ausartagoa, aldaketa politikoak egiteko behar den kemena erakutsi nahi duena eta hartu beharreko arriskuak hartzeko prest dagoena.

Egonean egon nahi duten politikarien artean, esaterako, entzuten da herritarrok politikaz gero eta nekatuago omen gaudela, ez zaigula herritarroi horrenbeste axola ibilbide-orria eta normalizazio politikoaren inguruko diskurtsoak, eta horien ordez eguneroko gaiak ditugula nahiago, eguneroko gaietan erantzuteko gaitasuna izateko normalizazio politikoaren gaiari ekitea ezinbestekoa dela azaldu gabe .

Ausartago azaltzen direnen artean, ordea, bestelakoa da mezua: herritarrok ez dugu politikariengan nahikoa konfiantzarik, ez baitute bere hitza betetzen; baina hauek ere ez dirudi indar nahikorik dutenik oraingoz elkarbizitzaren inguruko eskakizunak betetze aldera eta akordioa lortze aldera.

Lizarra Garazitik 10 urte igaro dira eta ordutik hona egindako bidea ez da alferrik izan. Asko aurreratu dugu urte hauetan guztietan gatazka politikoaren gai honetan. Jabetu gara borroka armatuak ez diola Euskal Herriak behar duen dinamika eraikitzaileari mesederik egiten, oztopo baita subiranotasunaren aldeko indarrak biltzeko. Konturatu gara bake-prozesuari inor baztertuko ez duen elkarrizketaren bidez ekin behar diogula. Ohartu gara Euskal Herrian zenbait proiektu politiko egon badaudela, denak zilegi direla eta denek izan behar dutela gauzagarri. Ohartu gara Euskal Herriak bere estatu izaera berreskuratu nahi badu, gure barruko indarrak mobilizatu behar ditugula, eta gure ahaleginak xede horretara bideratu behar ditugula. Konturatu gara Euskal Herriak bere estatu izaera berreskuratzeko, ibilbide-orrian zenbait urrats egin beharko direla aurretik, eta urrats bakoitza herritarron dinamika zabalak sostengatu behar duela. Ohartu gara lurraldetasuna lantzeko herritarren arteko kohesioa lantzea dela onena eta horretarako tresna aproposak behar ditugula. Eduki teorikoetan, aurrerapen handiak egin ditugu, beraz.

Azken urteetako esperientziak erakutsi diguna, gainera, hiru alderdi politiko praktikara eramaten saiatu ziren 2006ko udazkenean, Loiolako elkarrizketetan, eta zenbait ideia aurreakordio batean jasotzea lortu zuten. Aurreakordio hori, denok dakigunez, ez zen azkenean akordio gisa plazaratu ezadostasunak ezadostasun, baina horretan dauden ideiak abiaburu egokiak dira Euskal Herrian elkarbizitza baketsua eta errespetuzkoa antolatzeko.

Hala eta guztiz ere, Loiolan zirriborratutako elkarbizitzarako ardatzak edo zutoinak garapena behar dute oraindik. Hori da, hain zuzen egiteke dagoen lana. Zentzu horretan, bat gatoz guztiz Jean-Pierre Massiasekin («Berria», 2008-04-27) esaten duenean Loiolan argi geratu zela noraino heltzeko prest zeuden eragile politikoak eta zeintzuk izan ziren oraindik elkarren artean zituzten desadostasunak. Eta berarekin bat gatoz baita su-etena zailtasun horiengatik apurtu izana ulertzea zaila dela esaten duenean ere; izan ere, plazaratu diren zailtasunak edo desadostasunak lan teknikoaren bidez eta lan sozialaren bidez bidera zitezkeela uste baitugu.

Horrenbestez, Loiolatik bi ondorio nagusi atera daitezkeela uste dugu: lehena, gatazkaren konponbideak irtenbidea baduela; eta bigarrena, oraindik ere lana egin behar dela Loiolako ardatzak garatzeko.

Normalizazio politikoaren alde lan egiteko eta Loiolako ideiak lantzen joateko, ordea, gizartean horren aldeko giroa sortu behar da eta eragile sozialei, teknikariei, politikariei eta abarri baliabide egokiak eskaini behar zaizkie horretarako. Hau da, ikasitako teoria guztia inplementatzeko edo gauzatzeko ordua da eta Loiolako mataza nahasia askatzen joateko indarrak biltzeko garaia.

Gaur egun, ordea, ezin esan gizartean lankidetza eta elkarrizketaren aldeko giro aproposa dugunik; aitzitik, gizartean gatazka da nagusi (ETAren ekintza armatua, Espainiako Auzitegi nazionalak ezarrita duen salbuespen egoerak indarrean darrai, kale-borroka ekintzak, ANVren kontrako zentsura mozioak, ekitaldi politikoak indarrez debekatzen dira, espetxeetako politika gogortu da, alderdi politikoetako ordezkarien aurkako epaiketak, Ibarretxe lehendakariaren eta beste ordezkari politikoen aurkako auzia, alderdi bereko ordezkarien mezu kontrajarriak...). Ez alajaina, ez dugu lan egiteko girorik, eta denbora aurrera doa.

Konponbidea denon esku badago ere, lankidetza giroa sortzea eragile politikoei dagokie batez ere. Loiolan izandako hutsuneak zeintzuk izan ziren jakiteko nahikoa denbora izan dute eragile politikoek.

Gure iritziz, Loiolan besteak beste, herritarron presioak huts egin zuen. Hortaz, herritar gisa eskatu nahi diegu berriro eraiki dezatela behar den giroa eta baldintzak bakea eta normalizazio politikoa ekarriko duen akordioa lortzeko. Jesarri daitezela berriro eta zabal diezaietela besteei ere haiek lortutako adostasun maila hori. Eztabaida dezatela eta aurkez diezagutela herritarroi, behingoz, konponbiderako bide-orria... Herritarrok ez dugu besterik onartuko. Atsotitz zahar batek dioenez, nekerik gabe ez dago ogirik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo