GARA > Idatzia > Mundua

Langile zuriak dituzte xede Obamak eta Clintonek Indianan eta Karolinan

Hauteskunde primario berriak dituzte gaur AEBetako Alderdi Demokratako kideek, Indianan eta Ipar Karolinan. Bi estatuotan langile zuriak izango dira gakoa Clinton edo Obama hautatzeko orduan, eta horien sostengua lortu nahian dabiltza biak.

GARA |

Alderdi Demokrataren AEBetako Presidentziarako hautagaia izateko lehian ari diren Barack Obamak eta Hillary Clintonek klase herritarrak erakarri nahi dituzte gaur Ipar Carolina eta Indianan egingo diren hauteskunde primarioetan, nahiz eta bakoitzak estrategia desberdina hautatu duen.

«Ez dira arduradun politikoak langileengana hurbildu nautenak. Langileak dira politikara hurbildu nautenak», adierazi zuen igandean Obamak Indianako Alderdi Demokratako buruzagien aurrean. Clintonek, berriz, ahaldunen aurrean «ahotsik ez dutenen» defendatzaile gisa agertu zuen bere burua.

«Enplegua defendatzen dut, enplegua defendatzen dut, enplegua defendatzen dut, enplegua defendatzen dut», errepikatu zuen behin eta berriz Clintonek.

Ohion eta Pennsylvanian bezala, Clintonek langile zurien sostengua lortzea espero du Indianan Obama gainditzeko. Honek beltzen, gazteen, ikasleen eta soldata altuak dituzten diplomatuen sostengua du, baina arazoak ditu langileria zuriaren boza bereganatzeko. «Amerikako ametsa arriskuan dago», esan du behin eta berriro Obamak, eta Washingtonen egiten den politika lobbyen menpe dagoela salatu du.

Indianan eztabaida nagusietako bat udan erregaiei ezartzen zaien zerga bertan behera utzi behar den ala ez izan da. Clinton horren aldekoa da, Obama aldiz, aurkakoa.

«USA Today» egunkariak argitaratu duen inkesta baten arabera, Clintonek aurrea hartu dio Obamari lehen aldiz azken hiru hilabeteotan. «The New York Times»en arabera, ordea, Obama da lehen Jeremiah Wright apaizarekin zituen harremanak eten ondoren.

zailtasunak

Ipar Karolinan irabaziko duela iragartzen bada ere, Clintonek zailago izango du Indianan gailentzeko. Garaipen hori lortuko balu, superordezkari ugari ere bereganatuko lituzke.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo