Aizkora Desafioa
Patxi Mindegiak apusturako deia egin dio Arria V.ari
Zubietako gazteak ostiralerako egin du hitzordua, Tolosako Kantabriko tabernan
Jon LEUNDA | DONOSTIA
Patxi Mindegiak apusturako deia egin dio Arria V.ari. Zubietako aizkolariak 16 kana-erdikotara jokatuko luke, eta hauetako lauk egon beharko lukete zutik, beste, hamabik, berriz, etzanda. Dirutan 12.000 euro jokatzeko prest da Nafarroako aizkolaria, eta apustua Tolosako zezen-plazan jokatuko lukete, urriaren amaiera aldera. Zubietako aizkolaria Tolosan egongo da Errezilgoaren zain, ostiral honetan, 20.00etatik aurrera.
Desafio honek ezustean harrapatu ditu zaleak. Hala ere, itxaropentsu eta gogotsu dira, nahiz eta bi aizkolari hauei dagokienean zalantza asko dituzten. Patxi Mindegia, Miel Mindegiaren semea da, eta Arria V.a, berriz, Arria II.arena.
Bi gazte hauen aitak izan ziren duela zenbait urte bi onenak, eta elkarren aurka makina bat desafio eta txapelketa jokatu zituzten. Semeek ere laster erakutsi zuten ezpal bikaina. Mindegiak, 18 urterekin, Euskal Herriko Bigarren Mailakoa bereganatu zuen, eta Arriak, berriz, 19 urterekin. Bi hauen erakustaldiak ohiko bihurtu ziren Euskal Herriko plazetan, baina zaleek nahi zuten apustu hura ez zen heldu. Urte batzuetako itxaronaldiaren ostean, badirudi hainbesteko jakin-mina piztu duen desafioa aurki jokatzekoa izan daitekeela.
Bi gazteengan zituzten zaleek jarrita itxaropenak, baina bietako bakarrak ere ez ditu bete, ez oraindik behintzat, hasierako aurreikuspenak. Kontuan hartu beharrekoa ere bada aizkora utzita izan dutela biek, eta orain, biak 30 urteren bueltara helduta, badirudi aizkoran buru-berri murgildu nahi dutela. Garbi dago ikusmin izugarria piztuko dutela, eta jendeak erantzungo duela apustua gauzatzera iritsiz gero. Gainera, bientzat aukera ederra izango da, zaleei oraindik onenen pare ibil daitezkeela erakusteko.
Urrezko Aizkora
Urrezko aizkorako kitarako lehia zuten Idiazabalen Arria V.ak eta Rekondok. Orain dela astebete berdinduta geratu ziren Leitzan, beraz ordukoa ez errepikatzeko lana ere bazuten. Ez zen ezusterik izan, eta Arria V.ak egin zuen aurrera. Bost proba zituzten aurrez aurre, eta errezildarrak erabateko nagusitasuna erakutsi zuen. Bigarren neurketan berdindu egin zuten, baina gainerako lauretan erraz gailendu zitzaion leitzar gazteari. Zutikako enborrean bazen zalantzarik, baina hori ere Arriak irabazi zuen, minutu erdiko aldea aterata. Lan luzean, berriz, minutu bat kendu zion Arriak Rekondori. Gipuzkoarrak, 14 minutu eta 30 segundotan burutu zituen lanak, eta nafarrak, aldiz, 16 minutu eta 20 segundotan. 23 urtez azpikoetan ezustea eman zuen Jauregik Mugertza III.ari irabazita. 9.46ko denbora egin zuen arabarrak, eta gipuzkoarrak, berriz, 11 minutu eta 39 segundo.