Sofbola Ohorezko Maila
Orioko taldea sailkapenean lehenengo dago, baina Antorcharekin berdinduta
J.L. | DONOSTIA
Sofbolean, Orioko Bate Bizkorrak taldeak berri onak eman ditu beste behin ere, sailkapeneko lehen postuan baitago orain; hori bai, Antorcha taldearekin berdinduta, eta azken hauek daude aurretik.
Gipuzkoarrek Viladecamps taldearen zelaian jokatu zituzten bi partida herenegun, eta bietan izan dira garaile. Lehen partida 3-5 irabazi zuten, eta bigarrena, berriz, 12-13. Atletico San Sebastianen egoera bestelakoa da: sailkapeneko azkeneko postuan dago, orain arte jokatu dituen partida guztiak galduta. Oraingoan, Antorcharen aurka galdu dute. 0-7 izan zen lehen neurketako emaitza, eta 4-17 bigarrenean.
Beisbolean, berriz, euskal derbia izan da Iruñean, Nafarroak maila honetan dituen bi talderen artean, Navarraren eta Pamplonaren artean, alegia. Navarra zen garaipena erdiesteko talde faboritoa, eta ez zen ezusterik izan; etxeko taldeak erraz lortu zituen bi partidetako garaipenak. Lehenengoan, 15-3 bereganatu zuen neurketa.
Bigarrenerako bazegoen Pamplonak estutuko zuen itxaropena, baina emaitza errepikatu egin zen, eta berriro ere Navarrak 15-3 irabazi zuen.
San Inaziok, berriz, sailkapenean lehenengo den taldea, Bartzelona alegia, zuen aurkari, eta bizkaitarrek lortu zuten partida bat bereganatzea. Hori ez da emaitza makala. Lehenengo neurketa 2-7 galdu bazuten ere, 2-1 irabazi zuten bigarrena. Sailkapenean Navara bosgarren dago; San Inazio Bilbokoa, berriz, seigarren, eta Pamplona, aldiz, zazpigarren postuan.