Trontza
Esnaola anaiek lortu dute Gipuzkoako txapela
J.L. | DONOSTIA
Ez da ezusterik izan, eta Esnaola anaiek irabazi zuten Legorretan, beren herrian, Gipuzkoako Txapelketa. Bost bikote ziren izatekoak, baina azken orduan Egañak eta Iduetak ezin izan zuten parte hartu, bietako batek min hartu zuelako.
Biko bakoitzak 18 epai eman behar zizkion kana-erdiko enbor bati. Hauetako hamabi etzanda eman behar izan zizkioten, eta beste seiak, berriz, zutik.
Esnaola anaiak ziren txapeldunak, eta aurtengo lehia irabazteko faborito nagusiak ere baziren. Igorrek eta Aitorek ez zuten hutsik egin, eta hasieratik argi eta garbi utzi zuten nortzuk ziren han nagusi, berehala hartu baitzuten besteekiko abantaila. Rezabal eta Roteta izan zituzten atzetik, baina zutikakoan dena erabakita geratu zen; hor faboritoek bi epaiko abantaila zuten, eta aldeari eustea nahikoa izan zuten azkeneko etzandakoan garaipena erdietsi ahal izateko. Bigarren izan ziren Rezabal eta Roteta, eta esan beharreko da haiek ere lan txukuna egin zutela.
Emoziorik handiena azkeneko posturako demak eman zuen, nahiko gertu ibili baitziren Garmendia-Iraola eta Larrañaga-Salegi; azkenean Bailiarraingoak eta Ikaztegietakoak lortu zuten hirugarren postua.
Legorretan jokatu zen Gipuzkoako Lasto-altxatze Txapelketa ere. Emozioa gainezka izan zuen final horrek, Ituarte eta Urreisti berdinduta geratu baitziren lehen postuan 18 jasoaldirekin. Gero, kitarakoa jokatu behar izan zuten. Horretarako, minutu bateko lana egin zuten, han Ituartek hamar aldiz jaso zuen 45 kiloko lasto fardoa, hala, fardo bateko aldea kendu zion Arrietari. Txapela, beraz, lehia biziaren ondoren eta ondo kostata, Ituartek eskuratu zuen .
Gainerako postuetarako, ez zen halako borrokarik izan. Aizpuruak hirugarren egin zuen, eta zizurkildarrak hamasei aldiz jaso zuen lasto-fardoa. Argaia sailkatu zen laugarren postuan 12 jasoaldi emanda, eta azkena, berriz, Urreisti sailkatu zen bederatzi jasoaldirekin.
Ñapurrak
Ipar Euskal Herriko Sokatira Txapelketan hiru final jokatu dira aurreko asteburuan, eta hiruretan Ñapurrak izan da onena. Ezpeletakoek ez zuten hasiera onik izan finaletan, aurreneko bietan ez baitzuten txapelik lortu, baina asteburu honetan garbi utzi dute zein den nagusi.
720 kilotan Ezpeletakoak nagusitu ziren, eta Jutsi Baigorri sailkatu zen bigarren postuan. 600 kilotan, berriz, Ezpeletakoak Uztaritzen izan zuten aurkaririk gorrena, baina lortu zuten horiek ere menderatzea. 465 kilotan ere, beste behin, Ñapurrak talde garaiezina izan zen onena, hortaz, beraientzat izan zen txapela. Grisen atzetik, Baiona sailkatu zen.