GARA > Idatzia > Euskal Herria

Osalanen egitura kaltetua egon daitekeela adierazi du Azkarragak

ETAk Osalanek Donostian duen egoitzari joan den ostegunean eraso egin bazion ere, atzo arte ez ziren ezagutzera eman eragindako kalteen nondik norakoak. Lakuako Gobernuko Lan eta Justizia sailburu Joseba Azkarragak eragindako kalteak hasieran uste zena «baino handiagoak» direla azaldu zuen. Horrez gain, atentatuaren ondorioz eraikinaren egitura bera ere hondatuta egon litekeela adierazi zuen, eta horrela balitz konpontze lanek «luze» joko dutela.

p014_f03_111x111.jpg

GARA |

Maiatzaren lehenean, ETAk Estatu espainoleko Lan Ministerioak Arrigorriagan duen pabiloian eta Osalanek Donostian duen egoitzan hiru lehergailu zartarazi zituen. Alta, lau egun igaro behar izan dira Donostiako egoitzan sortutako kalteak zeintzuk izan diren ezagutarazteko.

Lakuako Lan eta Justizia sailburu Joseba Azkarraga atzo goizean joan zen Osalanen egoitzara eta bertan, lehergailuek hasieran uste zena baino «kalte handiagoak» eragin zituztela berretsi zuen; hala ere, kalteak are handiagoak izan zitezkeela nabarmendu nahi izan zuen Azkarragak, erakunde armatuak ezarritako lehergailuetako baten detonagailuak bakarrik egin baitzuen eztanda.

Egiturak izandako matxura larria ote den datozen asteetan argituko dela azaldu zuen Lan eta Justizia sailburuak. Komunikabideen aitzinean egindako adierazpenetan ordea, eraikineko gatzari batekin erabat kezkaturik agertu zen; gatzari hori oker egonda «atzeko fatxadaren zatiren batean eragina» izan zezakeela azaldu zuen. Atzo eta gaur artean, teknikoek egitura aztertuko dutela adierazi zuen. Gainera, egiturak sufritutako kalteak larriak ez badira, hamar eta hamabost egunen artean «dena konpondurik» egon daitekeela esan zuen; matxura larria izanez gero ordea, «luze joko» duela eman zuen aditzera.

Osalaneko zuzendari orokor Ignacio Murgiarekin batera gerturatu zen Donostiako Egia auzoan dagoen eraikinera Azkarraga, ETAk eragindako kalteak, lau egunen buruan, bertatik bertara ezagutu ahal izateko. Ostegunean ere, bertan egon zen EAko buruzagia, baina Ertzaintzak ezarritako dispositiboa zela-eta, ez zuen eraikinean sartzerik izan.

Ostegunean, 00.30ak aldera Osalaneko egoitzaren atzeko aldean jarritako bi lehergailuek eztanda egin zuten, Donostiako Lurralde Auzitegiaren eta Ren-feko tren geltokiaren inguru- an. Ordubete lehenago, ETAren izenean lehergailuen berri ematen zuen mezua jaso zuen Bizkaiko DYAk.

Bonbak hiruna kilo amonalez osatuta zeudela baieztatu zuen Lakuak ostegunean, eta haietako batek ez zuela behar bezala eztanda egin gaineratu zuen.

Goizean goiz bertaratu zen Azkarraga ostegunean eta komunikabideen aurrean, Osalanen aurkako erasoan eragindako kalteak «hautemanezinak» zirela esatera menturatu zen. Ostiralean ordea, esandakoak zuzendu eta kalteak «zirudiena baino larriagoak» zirela adierazi zuen; baina atzo arte ez zen informazio gehiagorik jaso. Dirudienez, eraikinaren beheko aldea izan da kaltetuena, sabai zati bat erorita eta ateak erauzita geratu baitziren.

Azkarragak egindako bisitan, Osalanen egoitza jendearentzat zabalik dagoela eta zerbitzua «nolabaiteko normaltasunez» ematen dela adierazi zuen. Konexio informatikoak eta bide telefonikoak ordea, oraindik ez dabiltzala esan zuen, baina gaurko konponduta izatea espero duela adierazi zuen.

Dirua

Ostegunean Osalanen Donostiako egoitzan eztanda egin zuten bi lehergailuek eragindako kalteen konpontze lanen gastua zenbatekoa izango den oraindik aztertu gabe dagoela azaldu du Lakuako Lan eta Justizia Sailak.

lau solairuak

Kalte handienak beheko aldeak izan bazituen ere, gainerako hiruak ere hondatuta daude. Besteren artean, teknikoen bulegoak erabili ezin direla eta liburutegiko leihoak apurturik geratu ziren.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo