GARA > Idatzia > Txokotik

Maite Ubiria Kazetaria

Lokatza eta hizkuntza

Eztabaida ez ohikoa izango da arratsalde honetan. Lehen aldiz Asanblea Nazionalean hizkuntz «erregionalak» dituzte mintzagai. Mahai gainean, Le Fur eskuineko diputatu bretainiarrak luzaturiko proposamena. Arreta handiz jarraituko dute eztabaida Korsikan, Katalunian, Okzitanian, Bretainian, Euskal Herrian. Lurralde guzti horietan herritarrek hartu baitute beren gain hizkuntzak bizirik irauteko lana.

Euskal Herria aitzindaria izan da horretan ere. Gau eskolek eta, bereziki, ikastolek zabaldu zuten bidea. Bere ereduari jarraituz, Frantziaren menpe diren gainontzeko herriek lan eskerga egin dute geroztik beren hizkuntzek merezi duten tokia eskura dezaten. Horren adibide garbia azken egunotan Bretainia zeharkatu duen Ar Redadeg lasterketa, AEK-k Euskal Herrian antolatzen duen Korrikaren esperientziaz baliaturik.

Herri Urrats berri baten atarian gaudelarik, Pariseko eztabaidak sona handia hartu du. Are gehiago kontuan izanik buru-belarri ari direla Seaska eta Hezkuntzako arduradun frantziarrak hurrengo ikasturteari begira konpromisoez eztabaidatzen. Iazko ekaitzak galera handiak eragin zituen Senpereko aintziran. Euskal hezkuntzaren ibilbidea ez da inoiz samurra izan, zuloz beterikoa baizik. Izan ere, lokatza arerio berria bilakatu zen... akaso hizkuntzari buruzko eztabaida aspalditik lokatzetan sarturik dagoela gogoratzearren.

Irakasle postu berriak sortzeari stop. Eraikin berriak altxatzeko eskaerari stop. Urritasunen bat duten ikasleak gelatan integratzeko egitasmoei stop. Lokatzez beteriko giro horretan, benetan zaila da ur gardenaren itxura hartzea hizkuntz «erregionalak» arautzeko Kultura ministro frantziarrak martxan jarri nahi omen duen lege egitasmoari.

Ofizialtasuna ez du aitortuko lege berriak, euskaldunen eskubideak ez ditu bermatuko. Ai, baina egungo basamortuan tanta bat bada! Eta egarri izugarria izanik, tanta hori iturri batekin tronpatzea ulertzekoa da. Kasu bada, tantok aintzira ez betetzeaz gain, bidea lokaztu dezaketelako. Hobe ura burua freskatzeko erabiltzea soilik... eta bidea eginez jarraitzea.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo