GARA > Idatzia > Mendia

«Egun eskaladako estilo guztietan nabil gustura»

Joxerra ESKIBEL |Alpinista

Andoni Arabaolaza | DONOSTIA

Bere izena 1990eko hamarkadan hasi zen entzuten. Ingurumari honetan jarduera bikainak egin ondoren, espedizioetara salto egin zuen. Eta hauetan ere ez zen hanka-motz geratu. 1999an, adibidez, A. Zeberio eta I. Mendizabalekin Amalur bidea (750m, A3+, 6b) zabaldu zuen Ak-Suko Errusia Dorrean. Urtebete geroago Pakistanera joan zen eta, J. Larrañaga eta Alvaro Ortiz-ekin batera, Shipton erpinaren 92ko amerikarren bideari aldaera bat ireki zioten: Akelarre (1.150 m, A4/6b).

Ordutik hona makina bat bidaia egin ditu munduko pareta desberdinetara: Patagonia (Fitz Roy eta Paine Dorreak), Mali, Madagaskar, Taghia, Mexiko... Eta, jakina, etxeko mendiekin, Pirinioekin, ez da inoiz ahaztu.

Alpinista osoa eta maila handikoa da eskoriatzarra, baina, egun, bere ibilbideari nolabaiteko koska bat gehitu nahi izan dio eta harkaitzean, adibidez, erabat murgilduta ikusten ari gara; gainera, estilo ezberdinetan.

Non sartu da Joxerra joan den neguan? Iaz, besteak beste, Telerako Senda del Pastor bidearen lehenengo neguko igoera egin zenuen, baina aurtengo denboraldian ez zaitugu entzun.

Badaukat marraren bat edo beste aspalditik ikusita. Probatzeko irrikan izan naiz, baina behin joan eta ez nuen egoera egokirik ikusi. Hortik aurrera, zuk esan duzun bezala, ezer gutxi.

Iaz bezala, aurtengo neguan ere eskuarki sortzen ez diren marra izoztu horien atzetik ibili dira batzuk.

Lezard Glace-ra joan nintzen iaz, baina nahiko berandu zen eta azkeneko zatia ez zegoen ondo. Fortune Carree, adibidez, ondo dago, baina ez nau hainbeste erakartzen. Besterik ez dagoenean joan naiteke, baina horrelako bideek ez naute asko erakartzen. Eta onartu behar dut marra polita dela. Nik denbora gutxi daukat, eta segurtatzera joaten naiz. Denbora izango banu, han egongo nintzateke. Gainera, gauza asko dago egiteko eta ezin duzu dena egin. Batzuek, Mikel (Zabalza) eta Unai (Mendia) kasu, denbora gehiago dute eta, hori dela-eta, bide horien bila joaten dira. Finean, niretzat akuilu diren helburuetan jartzen dut indarra.

Hala ere, nabarmena da neguko jardueretan nolabaiteko «atsedena» hartu duzula eta beste arlo batzuetan indar handiagoa jartzen ari zarela.

Izan liteke. Neguan, adibidez, Mexikon harkaitzean eskalatzen izan nintzen; oso gustura gainera. Ondoren, harkaitzean jarraitu nuen, ze Aste Santuan irteera interesgarria neukan. Horrela bada, aitor dezaket harkaitzera gehiago hurbildu naizela.

Hori aipatu nahi nizun. Azkenaldian asko ikusi zaitugu harkaitzean eskalatzen, eta indartsu.

Hala da. Oso gustura eta, bai, sasoiko.

Harkaitza aipatu nahi nizun, alor honetan azpimarratzekoa den gai bat badelako; gainera, zoritxarrez oharkabean pasatzen dena. Eta azalduko dut. Eskaladako estilo guztietan ari zara oso maila ona ematen: kirol eskaladan 8b-ra iritsi zara, artesiko 8a graduko bidea egin duzu, itsaskortasunean ere 8a egin duzu, E8 eskaladako bide bat eskalatu duzu... Filosofia aldaketaren bat al da?

Apur bat, bai. Kirol eskaladan lehen 8a utopia zen, baina ohartu nintzen zailtasun hori eskala daitekeela. Entrenatuz gero, ia denek egin dezakete. Gradu horretara iritsi eta poliki-poliki gehiago egitea otu zitzaidan. Araotz gertu dut, eta han 8b bat egitea erabaki nuen. Eroriko bideetan ondo moldatzen naiz, eta indarra badut. Azkenean, Korea sektorean egin nuen lehenengoa. Gero gradu bera, baina Etxauriko plaketan. Azkenean pare bat 8b lauzpabost saiotan atera nituen. Badakit gradu gehiago egin dezakedala, baina denbora gehiago eta helburua etxetik gertu eduki behar ditut.

Artesiekin gauza bera gertatu zitzaidan; beti izan dut gustukoa estilo hori. Cabrerara joan nintzen eta Muerte subita (8a) atera nuen. Eta aldi berean itsaskortasunari ekin diot. La Pedriza-n 6b graduko bide bat muga iruditzen zitzaidan. Eta neure buruari galdetu nion gradu horretatik 8a-ra salto egitea posible ote zen. Probatu eta ondo atera zen. Master misericodia (8a) du izena.

Arestian aipatu dut hori guztia, zoritxarrez, oharkabean pasatu dela. Eta uste dut azpimarratzekoa dela, ze Euskal Herrian, eta ziur aski Estatu espainolean ere, ez dago inor eskalada agiri horrekin. Zer garrantzi ematen diozu horri?

Garrantzia bai, baina, era berean, esan behar dut ez daudela gehiago jendeak ez duelako probatzen. Hemen ahalmena duten eskalatzaile asko daude, baina soilik estilo batean edo asko jota bitan jartzen dute arreta. Kirol eskaladan 8c-ra iristea gustatuko litzaidake, baina zailtasun hori egun ez da ia aipagarria, besteak beste, jende askok egiten duelako. Nahiago dut artesietan beste koska bat igo; hor bai ez dela ia inor ibiltzen. Horrek akuilatzen nau. Nahiago dut E8 bat zer den jakin, hor ere ez baita sartzen inor. Helburua hautatzen dut, eta gero handik jaitsi behar badut, bada jaisten naiz. Ez naiz eskaladan aritzen. Entrenatzen dut, baina nire bizitza ez da dena eskalada. Kontua da plan on bat prestatzea, asko baitago.

Eta txartel hori duzula, ez dizu pena ematen hedabideetan oihartzunik ez izateak? Batez ere kontuan hartuta edozer gauza argitaratu eta saltzen dela.

Penarik ez. Lehen, gazteago nintzelako, egiten nituen jardueren gaineko informazioa bidaltzen nuen. Uste nuen garrantzitsua zela jendeak ezagutzea. Baina azken urteotan txipa aldatu dut. Orain, egiten dudana niretzako gordetzen dut. Horregatik, egun ez dizuet asko deitzen. Egiten dudana niretzako da, eta gustura sentitzen banaiz, nire helburua bete dut. Gainera, horrela anonimoagoa naiz; jende askorekin hitz egiten duzu eta inork ez zaitu ezagutzen. Ondo daude aitortzak, baina egun ez dut horren beharrik.

Nik, adibidez, beste alpinisten kronikak irakurtzea gustuko dut. Ingurukoek nik egiten dudanaren berri badute, horrekin nahikoa dut. Hori bai, onartu behar dut ez naizela izar bat.

Aipatu ditugun eskalada estilo horiek uztartzea ez da batere erraza, besteak beste, erregistroak asko aldatzen direlako. Zer moduz konpontzen zara?

Kirol eskaladan, adibidez, gertuko eskoletan bide gogorrak probatzen ditut, baina kanpora joanez gero, begiratu batean eskalatzen dut. Begiratu batean eskalatzeak gehiago betetzen nau; baditut dagoeneko sei bat 8a gradukoak. Horiek dira gehien asetzen nautenak. Bide gogor bat probatzea beste kontu bat da.

Artesietarako, berriz, ez ditugunez etxetik gertu, helburu finko bat jarri behar izaten dut eta irteera horretan den-dena ematen saiatu; izan ere, bidaia horiek egiteko denbora gutxi dut. Granitoa, itsaskortasunezko bideak, asko gustatzen zaizkit. Eta artesiekin bezala, oso erronka zehatza aukeratu behar dut.

Ingurumari honetako aldizkariekin ez bezala, egun Ameriketako Estatu Batuetakoekin txundituta nago; batez ere agertzen diren argazkiekin. Horiek ikusi eta ohartzen zara mila leku erakargarri daudela. A zer-nolako artesiak ikusten ditudan!

Britainia Handiko E8 graduko bide bat eskalatu duzu Alacant-eko Peña Divino-n: Wish were here. Arriskutsua izateaz gainera, zailtasun tekniko gogorrak ditu; 8a-koak, hain zuzen ere. Eskarmentu hori ez duzu galdu nahi izan, ezta?

Duela urte batzuk pareta horretan La Paula bidea eskalatu nuen. Artesi bat da, eta haren ondoan beste artesi finago bat antzematen zen. Soilik bilerak zituen tresnatuta. Krokisa ikusi eta Edwards ezagunaren sinadura zeukan: E8, 8a. YouTube-n sartu nintzen E8 zer zen ikusteko, eta baita erorketa arriskutsuak zeudela ikusi ere. Hard grit estiloak erakartzen nau eta Edwardsen bidea probatzea otu zitzaidan.

Lagunek zoratuta nengoela esaten zidaten, eta nik erantzun ziur aski ez zela hainbesterako. 150 metro eta 6 luze ditu: 6a+, 7b, 8a, 7b, 7a+ eta 6b. Artesia garbitu nuen, materiala jarri eta soka goitik probatu nuen, eta begiratu batean atera zitzaidan. Argi daukat ez dela kirol eskaladako 8a, baina, jakina, benetako eskarmentua bizitzeko behetik eskalatu behar nuen. Eta kateatu nuen. E8 ote den? YouTuben ikusitakoekin erkatuta, ez. Oso segurantza gailu txikiak jartzen dituzu, baina, hori bai, oso gertu egoten dira.

Harkaitzean asko eskalatzen ari zara, baina egun ez zara sartzen garai bateko saltsetan. Hots, espediziorik ez duzu egiten.

Bide luzeetara joaten naiz, baina artifizialekoak ahaztuak ditut. Azken horiek kristoren nagitasuna ematen didate. Badakit behin horretan sartuta asko gozatuko dudala. Joan den neguan, adibidez, Mexikon 600 metroko bideak egin genituen, iazko udan Europan 7c eta 600 metroko pare bat bide eskalatu nituen... Baina ez dira espedizioak.

Espediziorik ez, baina bidaiatu bai. Zailtasuna alde batera utzita, ibili zara bideak zabaltzen eta egiten.

Bai. Miren neskalagunarekin izan naiz Malin, Madagaskarren, Taghian... Bidaia horietan ondo pasatu dugu, baina egin ditugun bideak ez dira adierazgarriak. Jakin badakizu urrutira egiten dituzun espedizioetan ziur aski ez duzula asko eskalatuko: hurbilketa bidea egin, girora egokitu, materiala garraiatu, eguraldi gaiztoaren bisita... Eta, azkenean, soilik bost egun eskalatzen duzu. Nik ez dut denbora soberan. Gustura egingo nuke Divine Providence (Angleko zutarria), baina horretarako den-denak atera behar du ondo: girora egokitzea, eguraldi egonkorra, paretaren egoera ona... Horregatik, nahiago dut Verdonera edo Taghiara joan. Leku horietan badakit 15 egun eskalatuko dudala.

 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo