Memoriaren Autobusa Germanen hilarriaren aitzinean izango da bihar
German Rodríguez hil zutela 30 urte dira, eta hainbat ekimen egingo dituzte aurten. Bihar 20.00etan bere hilarriaren aitzinean izango da Memoriaren Autobusa, IGA-k antolatutako elkarretaratzea dela-eta.
Jasone MITXELTORENA |
1978ko Sanferminak Gogoan taldeak hainbat ekitaldi antolatu ditu aurten German Rodríguez-en heriotzatik 30 urte igaro direla gogorarazteko. Horregatik, «egia, justizia eta moldaketa» aldarrikatzeko bidean ekimen berri bat aurkeztu zuten atzo Iruñean: bihar, hilak 8, Orreaga kalean dagoen Germanen hilarriaren aitzinean bilduko dira, 20.00etan, aldarrikapen hori beste behin kaleratzeko.
Elkarretaratzera Iruñerriko Gazte Asanbladek (IGA) deitu dute. Era horretan borrokaren lekukoa hartu eta horretan segituko dutela adierazi nahi izan dute. «Germani gure omenaldirik onena eskaini nahi diogu», adierazi zuen IGAren izenean Ekaitz Estebanek; horretarako, «egia, justizia eta moldaketa» eskatuko omen dituzte. Gertaera haietatik 30 urte pasa direnean, ordutik gauza asko gertatu direla azaldu zuen, besteak beste, asanbladak eta gaztetxeak sortu direla oroitarazi zuen. Baina beste kontu batzuek berdin segitzen dutela ohartarazi zuen: «Errepresioa pairatzen segitzen dugu; orain gainera, gertakari haien erantzule den Polizia espainolari Foruzaingoa eta udaltzainak gehitu zaizkio».
«Gu isiltzea nahi dute», jakinarazi zuen Estebanek, «baina guk ez dugu ahazten. Borrokan segituko dugu».
Memoria berreskuratuz
Biharko kontzentrazioan aste hauetan Nafarroan barrena dabilen Memoriaren Autobusa egongo da. Atzoko agerraldian Carlos Martínezek azaldu zuenez, «memoria historikoaren inguruan Nafarroan antolatzen diren ekimenak lotu nahi ditu Memoriaren Autobusak», eta horregatik, 1978ko sanfermi- netako gertaerak oroitzean, bertan egon nahi du ibilgailu sinboliko horrek.
«1936az geroztik gertatutakoa ahantzarazi nahi dutenen aitzinean, frankismoak iraun zuen bitartean, bai eta ondoren ere, izandako errepresioaren egia berreskuratzea, errepresaliatu guztientzat justizia exijitzea eta eragindako kalte guztiak mol-datzea», horiek dira Memoriaren Autobusa mugiarazten duten arrazoiak, ez daitezen ahaz- tuak izan.
Iaz Germanen hilarria bere lekura itzul zedin aldarrikatze- ko hilabete bakoitzeko zortzigarren egunean biltzen ziren, eta bihar urrats berri bat emango dute Rodríguezen omenez eta 1978ko sanferminetako gertakariak oroitu eta pairatutako guztia moldatzeko bidean.