GARA > Idatzia > Gaurkoa

Edurne Zabala, Inaxi Lazkano eta Uxoa Larramendi Izar psikologia zentroko kideak

Gaztetxoen ondoezak eta liskarrak

Egun gaztetxoen ondoez eta elkarren arteko harreman gatazkatsuek zer pentsa ematen dute. Deigarria da, beren arteko borroka eta eraso gordinen kasuak komunikabideetan (Ermuko kasua adibidez) gero eta gehiago entzutea. Era askotako erasoak gainera: neskek ere hartu dute protagonismoa, nahiz eta kasu horietan ezaugarriak bestelakoak izan. Halakoetan, gehiegitan, neurri zigortzaileak hartzen dira, eta gure ustez, eraso horiek ondoezen seinaleak dira, jendarte honetan gertatzen diren ondoezen seinale eta zantzu. Eta beharrezkoa da zantzuez haratago, zantzuaren azpian dagoenari begiratzea.

Eraso horiek pertsonaren barne gatazka eta zailtasunen seinale dira. Haurrek beren garapen prozesuan antsietate eta larritasun egoerei irtenbidea eman behar diete; eta, zenbaitetan, hazte prozesu horretan ezintasunak eta trabak sortzen dira, eta ezintasun horiek hainbat modu desberdinetan adierazten dituzte: janari eta loarekin arazoak dituzten neska-mutikoak, anorexia kasu; inhibizio edo gehiegizko ekintzak edo ekintzaren patologiak, hala nola haserrealdiak, eraso bortitzak, lagunak mendean hartu eta hala gozatzea, e.a. guztiak ere biktimak sortzen dituztenak. Ondoez eta sufrimenduaren aurrean, neska mutikoen jokabide desegokiak eta erasokorrak direnean, besteak baztertu eta erasotzen dituzten jokabideen atzean arrakasta eta boterearen erabilpen gaiztoa ezkutatzen da.

Gaztetxoen arteko harremanak ulertzeko, subjektua nola eraikitzen den aztertu beharra dago, hau da, haurtzarora jo behar dugu. Amak haurrarekin dituen lehen harremanetan, haurrak bere beharrak berehala asetzeko joera du, eta amaren zaintzak utziko dio marka haurraren inpultsoen asetze horretan, eta fusio horretatik irteteko, «hirugarren instantzia bat» (dela aita, dela beste norbait/zerbait) behar da, lotura hori etetea ahalbidetuko duen eta funtzio sinbolikoa beteko duen beste inor.

Horrek, hain zuzen, subjektua desioan kokatzen du, bai familia barnean, bai kanpoan. Hortik ulertu behar dugu aitaren edo hirugarrenaren funtzioa arautzailea eta beharrezkoa dela: legea sartzen da, eta hirugarrenaren sarrerak, sinbolizazioa, identifikazioa, itxoitea eta, frustrazioari aurre eginez, mugak eta arauak oinarrizko eta egituratzaile bihurtzen ditu. Hirugarren instantzia horrekin ikasten du haurrak itxaroten, eta bat-bateko asebetetzearen ordez, gabeziarekin egiten du topo. Gabeziak, hain zuzen ere, bultzatuko du desioaren eraikuntza. Arestian aipatu dugun «funtzio sinbolikoa» bestalde, hau da: absentzia irudikatzeko eta onartzeko gaitasuna, pultsioaren eta lorpenaren artean bitartekaritza egiten duena, «zibilizatu» egiten gaituena azken batean.

Gaztetxoen arteko erasoak izebergaren punta balira bezala azaleratzen dira. Beren arteko hartu-emanetan, askotan, botere ekintzen artean nabarmentzen dena soilik ikusten da. Gaztetxo batek, ordea, besteengan modu askotara eragiten du, eragin ustez arrakastatsua lortzeko.

Eta eraso fisikoaz haratago hartu-eman horietan maiz ikusten ditugu jarrera eta jokabide oldarkorrak. Webgune batean, 11-16 urteko gaztetxoek mezuak idazten dituzte, anonimotasunean babestuta, kideak etiketatuz eta izen ona kolokan jarriz. Bertan mezu erasotzaile horiek ageri dira, tartean batzuk haserre erantzuten dute erasoa jasandakoak defendatuz. Baina bertako oldarkortasunak ez ditu gehienak asaldatzen. Neska batek dio ezagunenak eta ospetsuenak neurririk gabe mezu mespretxugarrienak jaurtitzen dituztenak direla. Arrakastatsuenak besteak beldurtzen dituztenak dira, besteak baztertu ditzaketenak. Tirania horretara ohitu egiten dira, eta gaizkile izateak ez ditu beldurtzen. Besteak marjinatu eta eraso egitearen jokabideen atzean, arrakasta eta boterearen erabilpen makurra ezkutatzen da. Zerk bultzatzen ditu besteengan botereaz eta larderiaz eragitera?

Erantzunak ez daude gaztetxo erasotzaile eta oldarkor batzuen nortasun arazoan soilik. Erantzunak egun nagusi den diskurtso sozialean dira, inguratzen gaituen kultur ereduan, horien eraginpean bizi diren familietan eta instituzioetatik arazoa saihesteko egiten den politika hutsal eta itxurazkoan. Izan ere, erasoa jasan duena eta bere ingurua lehen bezain babesgabe gelditzen da, eta intimitatearen eskubidea urratuta, eremu pribatu eta intimoa publiko egiten dute.

Bestalde, nagusi den kultur ereduan, guraso askoren helburua seme-alabek ahalik eta murrizketarik txikiena izatea da, ez dezala haurrak ezeren faltarik izan. Haien autoritatea murriztuta dago oso, eta eginkizunak bete ezinik daude, delegatu egiten dituzte. Haurrari ezin zaio ezer debekatu, sedukzioa erabiliz portaera egokia jasotzeko saiakera egiten da, kostua desagerraraziz. Sedukzioarekin ezin da autoritaterik izan. Gurasoak objektu trukean ari dira jokabideak indartzen. Mekanismo hauek nagusitzen direnean, objektuak ematearekin hartu-emana ez da balore etikotan oinarritzen. Subjektuaren beharrak, jendarte kapitalistako merkatu sisteman bezala, elkartrukerako baloreetara murrizten dira.

Egun inguratzen gaituen diskurtso kapitalistan, kontsumoaren kultura da nagusi. Izatea edukitzea dela zabaltzen da. Bata bestearen atzetik eskuragarri, erosgarri diren objektuekin pertsonak duen gabezia bete daitekeela dioten mezuak eta estrategiak iristen zaizkigu etengabe. Hor ditugu «dena eduki eta oraintxe eduki» errepikatzen duten enpresa erraldoien mezuak. Diruak eta erosteak, jabe izateak, merkatu sistemaren pieza bat gehiago izatera bultzatzen gaitu, eta familiak ere hor harrapatuta daude.

Pantailak, ordenagailu zein telebistenak, hartu-eman sinbolikoa ordezkatu du, hau da, ipuinen eta kontakizunen mundua, aitona-amonen edo gurasoen hartu-emana. Aberastasun hori pantailak ordezkatu du eta telebistako bertsio arinak, deformatuak eta kaltegarriak dira eskaintzen direnak.

Gurasoak, ez errudun direlako, baizik eta beraiek ere sintomaren eta ondoezen parte direlako, dimisioan kokatu dira. Aurreko belaunaldiekiko transmisio kateak asko hautsi dira. Idealen esparruan hutsik aurkitzen dira. Iraganaz, beren historiaz, gutxi transmititzen zaie gaztetxoei, eta etorkizuna kasik ez da existitzen. Harremanetarako denborarik ez dago, eta nortasuna eraikitzeko beharrezkoak diren afektuzko harremanak ezin dira gauzatu. Haurra zailtasun handiekin eta babesik gabe eta benetan zer nahi duen jakin ezinik geratzen da, subjektu izateko baldintzarik gabe.

Jakintzaren bideak transmitituko dituzten hitzez hustuta dauden espazioak dira gero eta gehiago familiek eskaintzen dituztenak. Hustuta, eta bertan nahi bezala ibiliko dira diskurtso kapitalistak pertsonak erakartzeko erabiltzen dituen bitartekoak. Lehen aipatu dugunez, subjektua «gabeziaduna» da egituraz, eta sistemaren estrategiek gure hutsune guztiak bete ditzaketela sinetsarazten digute.

Gaur egungo gaztetxoek harremanetan, baloreen transmisiorik ezean, askoz ere lege gogorrago eta tiranikoagoez funtzionatzen dute. Neurririk gabeko lehia eta norgehiagoka dira harremanak gidatzen dituena. Euren talde txikiak antolatzeko identifikazio legeak egiten dituzte (nola jantzi, nolako musika entzun...). Zentro komertzialetan noraezean dabiltza, harreman birtualetan harrapatuta. Jendarte kontsumistak, gainera, indibidualizazioa, isolamendua, bakardadea bultzatzen duelarik, norbanakoak asimilazio prozesu batera daramatza, jokabideak homogeneizatuz eta kontsumitzaile izatetik kontsumitua izatera igaroz.

Sistema honek berdindu egiten gaitu, hori da globalizazioaren ondorioetariko bat. Munduan eredu jakin batzuk zabaltzen dira, herri eta kultura txikien ezaugarriak ezabatzen ditu, herri txikien kaltetan.

Bizi garen testuinguruko instituzioetatik bultzatzen ari den jendarte eredua bete-betean ari da subjektua eraikitzeko zimenduetan eragiten: merkataritza gune handien eraikuntzarekin, ingurumenarekin hartu-eman orekatuak izatetik urruntzen gaituzten makroproiektuen eraikuntzaren bidez.Honek familiei zuzenean eragiten die barne-antolaketan, aisialdi-ereduan, gurasoen autoritatea krisian sartu da. Beren funtzioak ezin dituzte bete eta honek haurra subjektu bezala eraikitzeko behar dituen oinarriak kaltetzen ditu. Funtzio sinbolikoa ezin gauzatu, transmisio-katearen etena, identifikazio ereduen krisia, gaztetxoek nondik datozen eta nora doazen ez dakite. Baina herri txiki bateko partaide izateak bestelako identitate ereduak ditu, ezberdintasunean, subjektuaren identitatean eta herri-nortasunean oinarrituta. Horrela subjektua eraikitzeko zimenduak ziurtatu eta eraikitzen dira.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo