GARA > Idatzia > Kultura

Proposamen literario berri eta berritzailea

Joxerra GARZIA Idazlea

TOKIAK. Berlin dago ororen gainetik. Bartzelona eta Bilbo gero. Eta ehunka gehiago, hirugarren mailan. Hiriak, herrialdeak, parajeak. Albarikokeak, motxilak, patioak, parkeak. Toki edo espazio asko eta askotarikoak...

Protagonistak han daude, han dabiltza, baina Sarri bezala, ez dira hangoak. Deserri dira espazio hiztun horiek. Itxuraz, libreki hautatutako deserriak...

Deserrian dagoenak eraikitzen dituen babeslekuak dira burbuilak... burbuila bakoitza mundu bat da...

PERTSONAIAK. Tokiak ehunka badira, milaka dira pertsona izenak...

Bakoitza bere burbuilan bizi da. Iratik, di-da batean, burbuila horietako bakoitzaren barruan dagoen mundua bistaratzen digu, bikain, ekonomia izugarriz. Ez dira izen huts. Pertsonaia ere ez dakit diren. Pertsonak dira. Sentipenengatik igartzen zaie, dituzten ametsengatik (burbuilaren beste izen bat, ametsa). Etxe bila, gela bila, lagun bila, maitasun bila: burbuila egoki baten bila...

Tokiak bezala, pertsonaiak ere asko eta askotarikoak dira... Iratiren bizipen dira pertsonaiak, horregatik dirudite pertsona...

Iratiren bizipen direla, hori da gutxienekoa, ordea. Axola duena zera da: bizipen horiek irakurlearentzat ere bizipen, pertsona bizi, bihurtzea lortzen duela Iratik, harrigarriro.

BEGIRADA. Harrigarria baita hainbeste toki eta pertsona izen erabilita liburua ez bihurtzea collage edo puzzle halako bat. Eta ez da, inola ere hori.

Holograma bat da, non zati bakoitzean osotasuna ageri den. Eta susmoa hartzen du irakurle honek, osotasun delako hori bera zati ote den: burbuila, deserria.

Zineman hezitako begirada da Iratirena. Begirada metonimikoa: keinu eta xehetasun txikiak baliatzen dituena sentipenak eta barne pasioak adierazteko, hitz abstraktu-potolorik gabe...

Burbuila bakoitzaren barruan kokatzen da kamera, xehetasunei adi. Hortik aurrera, irakurlearen lana da...

Horretan asmatzen du bete-betean Iratik. Bereak ez diren burbuiletan sartzen, bereak ez diren munduak bere egiten...

Hala ikusten dut nik Iratik sortu eta liburu honetara bildu digun mundua. Mundu bat, proposamen literario berri eta berritzailea dakarren liburua. Ez dakit igarriko diogun, edo beste liburu bat gehiago delakoan geratuko garen.

(*) Garziak atzo egin zuen aurkezpenetik hartutako pasarteak dira honakook.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo