URSSAF Gizarte Segurantzako egoitza Baionan utz dezatela eskatu du CFDTk
Departamendu gehienetan bezala, Pirinio Atlantikoetakoan ere Gizarte Segurantzako egoitza sozial bakarra izango da. Baionakoa eta Pauekoak, beraz, bat egin beharko dute. CFDTk Lapurdiko hiriburuan utz dezatela eskatu du, «funts administratibo guztiaz ez husteko».
Arantxa MANTEROLA |
Administrazio askorekin gertatzen ari den moduan, URSSAF Gizarte Segurantza kudeatzen duen erakundearen antolaketa aldatu egingo da aurki. Orain arte bi egoitza zeuden Pirinio Atlantikoetan: Baionakoa eta Pauekoa. Laster bakarra izango da, baina oraindik ez dute zehaztu non egongo den.
CFDTk atzo adierazi zuen ez dagoela bat egitearen kontra, horrek, gaur egun ez bezala, 250 langiletik 2.000rainoko enpresen kotizazioak eta Gizarte Segurantzako gainerako gorabeherak kudeatzeko ahalmena emango liokeelako. Alta, sindikatuaren aburuz, bateratzeak «lurralde oreka» kontuan hartu beharko luke.
«Biek -Pauekoak zein Baionakoak- afera kopuru bertsua tratatzen dute, baina Euskal Herrian mugaz gaindiko langileen atala garrantzitsuagoa da Pauen baino, eta gertutasunak gai horri lotutako gaiez hobeto arduratzeko parada emango luke», esan zuen Mixel Larralde idazkari nagusiak.
Baionan gorde
Gainera, beste erakunde batzuek, CIL-ek (etxebizitza eskuratzeko enpresek ematen duten kotizazioa kudeatzen duen erakundea) esaterako, Pauen izango dute egoitza soziala eta, horrenbestez, Baionak ere zerbait gorde beharko lukeela uste dute.
CFDTk kezka azaldu zuen Pauen geratzekotan, «bat egitea baino, irenstea ez ote den izango». François Saint-Paul URSSAFeko langile jubilatuak gogorarazi zuen «CFDT euskal Departamendu baten aldekoa» dela, eta «dena Pauera eramatea ez litzatekeela bidezkoa izango, finean, pixkanaka Euskal Herria bere funts administratiboaz hustuko litzatekeelako».
Sindikatuaren ustez, beraz, URSSAFen egoitza sozialak Lapurdiko hiriburuan beharko luke. Hori bai, kudeaketarako Baionan zein Pauen bi gune berezitu jarri beharko lirateke, enpresariei eta langileei arreta egokiagoa eskaintzeko. Biarnoko CFDT ados da horrekin.
Maiatzaren 23an, bi URSSAFetako Administrazio Kontseiluetako ordezkaritza bana eta ACOSS erakundearen bitartekariak osatutako Adostasun Batzordeak bilkura eginen du bat egiteaz hitz egiteko. Egun hori baino lehenago, CFDT beste gizarte eragileekin harremanetan jarriko da, eta hautetsiei ere gutun bat igorriko die «egoeraz jabetu eta URSSAF Baionan gera dadin beren esku dagoen guztia egin dezatela eskatuz».
Hainbat administrazio, adibidez CAF eta CPAM, «Departamentalizatze» prozesuan murgiltzen ari dira pixkanaka, baina ez da apenas informaziorik nola eta noiz gauzatuko den.