GARA > Idatzia > Editoriala

Bidegabekeria lege bihurtuta

Fernando Etxegarai kartzelara itzultzeko mehatxupean bizi izan da azken bi hilabeteotan. Atzo goizean Polizia espainolak atxilotu eta kartzelara bidean jarri zuen. Ia 21 urte, ia bizitza erdia, giltzapean eman ostean. Urtarrilean Auzitegi Nazional espainolaren aginduz kartzela atzean utzi zuen ezarri zioten zigorra osorik beteta; hala ere, bi hilabete geroago, erabaki haren aurkako helegitea jartzeko legezko epea amaituta bazegoen ere, auzitegi beraren beste auto batek plentziarra atxilotu eta berriro kartzelara sartzeko agindua eman zuen. Bestalde, atzo Ertzaintzak bost gazte atxilotu zituen Barakaldon. Gazte horietako batzuk jaio berri ziren Fernando Etxegarai atxilotu zuten aurreneko aldian. Hori ez da kalkulu hutsala; aitzitik, nahikoa esanguratsua da, denbora horretan guztian izan diren gobernu espainolek eta politikariek, oro har, «euskal arazoa» delakoari emandako irtenbidearen egokitasunaren tamaina erakusten baitu.

Euskal Herrian gero eta nabarmenagoa den demokrazia gabeziari nekez topa dakioke parekorik Europan. Gabezia hori euskal preso politikoek jasaten dute zuzen eta gordinen. Eguneroko bizi baldintza lazgarriez gain, zenbakietara jota, giltzapean urte gehien egin dituzten presoak Estatu espainolaren errekor tristea dira. Halere, ez du nahikoa. Bere Kode Penalean betiko zigorra bilduta ez badago ere, indarrean dago hura aplikatzea, horixe baita Fernando Etxegaraik gaur gero aurrean duena, horixe beste 26 euskal presori ezarri dietena. Horiek horrela, ezin esan liteke lege espainolek zenbait salbuespen aurreikusten dituztela euskal presoei dagokienez, salbuespenezko legedia direla baizik.

Jarrera eskas hori ezin da zuritu legea bete behar dela esanez, are gutxiago legediaren alderdi onuragarriak aplikatzeko orduan betetzen ez dutenean. Zuzenbidezkoa baino mendekuzkoa den jokaeraren biktima da Etxegarai. Eta mendeku hutsa da orain dela hamaika urte Bilbon manifestazio batean Ertzaintzak tiroka jardun ondoren atxilotutako hiru lagunak berriro kartzelatzeko agindua. Eman lezake Zuzenbidearen erabilera makurrak ez duela amaierarik; hala ere, bidegabekeria horren aurrean konpromiso sendoak hartzeko garaia da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo