Berezkoak
Binakakoa amaitu eta atsedenik gabe hasiko da Angelukoa
Sei bikotek neurtuko dituzte indarrak lehiaketa honetan, bi multzotan. Gaur iluntzean hasiko da txapelketa final-laurdenetako bi partida jokatuz, eta finala, berriz, hilaren 23an jokatuko da
Jon LEUNDA | ANGELU
Binakako Txapelketa amaitu, eta ia atseden hartzeko betarik gabe, gaur bertan abiatuko da Angeluko lehiaketa. Bihar jai izango da Ipar Euskal Herrian, eta hori aprobetxatuko dute, lehen bi kanporaketak gaur jokatzeko.
Angeluko trinket berriko lehiaketa honek ez ditu urte asko, baina lehiaketarik garrantzitsuenetakoa bihurtu da. Bertan, trinketeko esku pilotako profesionalik onenek hartzen dute parte, eta urtero izaten da ezker paretako norbait ere. Aurten Xala izango da. Sebastien González ere bertan izatea nahiko luketela esan zuten antolatzaileek, baina Azkainekoa ezker paretako Buruz Burukoan ari da, eta ezinezkoa izango du hemen parte hartzea.
Bi multzotan banatu dituzte bikoak, eta bakoitzean hiru bikote izango dira. A multzoko final-laurdenetako partida, gaur jokatuko da, eta bertan, Ibarrola eta Ezkurra II.a, Idiart eta Lazkanoren aurka lehiatuko dira. Irabazten duen bikoak, finalerdia jokatuko du Larretxea-Etxetoren aurka hilaren 16an.
B multzoko final-laurdenetako norgehiagoka ere gaur jokatuko da, eta bertan, Sorhuet eta Ozafrain Etxeberriren eta Kurutxariren aurka lehiatuko dira; irabazleek, hilaren 16an Xalaren eta Waltariren aurka jokatuko dituzte finalerdiak. Finala, berriz, maiatzaren 23an jokatuko dute.
Hasiera erakargarria
Gaur abiatuko da lehiaketa, eta hasiera ezin erakargarriagoa izango da. Izan ere, joan den igandean Modernen jokatu zen finaleko lau pilotariak bertan izango baitira. Ez dira elkarren aurka arituko, baina biak izango dira. Kontua da, ordea, finalistetako bikoak nahastuta izango direla lehiaketa honetan. Txapela Ibarrolak eta Ozafrainek jantzi zuten Sorhueten eta Ezkurraren aurka. Lehiaketa honetan, ordea, Ibarrola Ezkurrarekin arituko da, eta Sorhuet, berriz, Ozafrainekin. Hori bai, elkarren aurka jokatzeko finalera arte itxaron beharko dute.
Gaurko lehen finalerdian, Ibarrola eta Ezkurra faborito garbiak dira. Idiart eta Lazkano izango dituzte aurrez aurre. Patrick sasoi betean dago, eta joan den igandean erakutsi zuen bezala indartsu dago. Bere ezkerrak min handia egiten du, bai eta bere sakeak ere. Gaur egun profesionaletan dagoen sakatzailerik handienetakoa da, eta lehen jokaldi horrekin asmatzen duenean triskantza handiak egiten ditu.
Atzean, berriz, Paxkal Ezkurra Lazkano baino gehiago da. Bi urruñarren arteko demak Paxkalen alde egin beharko luke, eta ezuste handi samarra izango litzateke gaur Idiartek eta Lazkanok garaipena erdiestea.
Hau amaitutakoan hasiko da bigarren kanporaketa. Sorhuet eta Ozafrain Etxeberriren eta Kurutxariren aurka lehiatuko dira. Partida honek Sorhuet eta Ozafrain ditu faborito garbiak. Inongo arazo fisikorik ez badute behintzat, aurkariak baino gehiago dira, eta horretan ere ezuste handia izango litzateke Etxeberrik eta Kurutxarik gaur gauean irabaztea.
Azkenik, finalerdietan sartuko diren bi bikoak ere oso sendoak dira. Larretxea-Etxetok oso biko ona osatzen dute. Binakakoan finalean ez ziren sartu, eta kolpe handi samarra izan zen beraientzat. Oraingoan ahaleginduko dira orduko arantza ateratzen. Bestetik, Xala eta Waltari ere kontuan hartu beharko dira.