GARA > Idatzia > Kultura

Sarriren poesian oinarritutako dantza ikuskizuna, Tanttaka eta Kukairekin

p047_f02_97x76.jpg

GARA | GASTEIZ

Kukai Dantza taldea eta Tanttaka antzerkikoen arteko harremana sendotzen ari da. «1937» eta «Oteizari Biraka» ikuskizunen ondoren, elkarrekin itzuliko dira eszenatokira Joseba Sarrionandiaren «Hnuy Illa» liburuan oinarritutako lana aurkeztera. Gaur gauean 20.30ean ikusi ahal izango da estreinakoz antzezlan hau Leioako Auditoriumean. Igandean berriz ikusteko aukera izango da, oraingo honetan Errenteria Hiria Kulturgunean, 20.00etan.

Taldekideen hitzetan, azken lan honetan dantza erabiliko dute hizkuntza nagusi gisa eta poesia «bidaide banaezin legez» gizakiaren harremanak taularatzeko. Horretarako, Joseba Sarrionandiaren poesia iradokitzaile eta narraziozkoaz baliatuko dira, idazleak sortutako unibertsoa aintzat hartuz. Horrez gainera, Iñaki Salvadorren musika eta Jon Mayak egindako koreografia erabiliko dute. Dantzari bezala, Jon Maya, Alain Maya, Eneko Gil, Ibon Huarte, Urko Mitxelena, Vanesa Castaño eta Nerea Vesga arituko dira Mireia Gabilondoren zuzendaritzapean. Tanttaka eta Kukaikoek ikuskizun sakabanatu batzuk eskainiko dituzte hurrengo hilabeteetan; hala, hilaren amaieran Zornotzan edo ekainean Durangon eta Zumarragan.

Hala ere, lan honen estreinaldi nagusia uztailerako iragarri dute, Donostiako Antzerki Azokaren barruan. Hitzordu hori urte osoan zehar Tanttakoek 25. urteurrena ospatzeko egin dituzten ekintzen barruan sartuko da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo