EUSKAL BERTSIOA
Bilborock aretoak Harrapazank zikloa itxiko du «Komeriaren Kluba»-rekin
Aski ezaguna da Ameriketako Estatu Batuetan oso zabalduta dagoen stand-up comedy generoa. Taberna edo antzeko lekuetan, antzezleak, eszenatoki baten gainean eta mikrofonoa eskuan, bertara hurbildutako ikus-entzuleen barrea eragiten saiatzen dira. Oraingoan, honen euskal bertsioa ikusteko aukera izango da Bilborock aretoan «Komeriaren kluba» lanarekin. Gaur 19.30ean estreinatuko den ikuskizun honetan Xabi Paya, Aitziber Garmendia, Asier Hormaza, Ane Zabala, Ana Elordi eta Iban Garate arituko dira Euskal Herrira egokitutako genero honen berri ematen. Bilboko Udalak euskararen erabilera gazteen artean bultzatzeko antolatu duen Harrapazank zikloaren azkeneko ekintza izango da gaurko ikuskizuna. Aurreko edizioetan bezala, ekimen honek hainbat ekintza mota desberdin bultzatu ditu eta aurtengoan apiril osoa proposamenez bete ondoren gaur amaituko da egitaraua.