Larrea hamaikakora itzul daiteke Cadizen
GARA | DONOSTIA
Juanma Lillok etxeko bi jokalarirekin, Gorka Larrea eta Gorka Elustondorekin beteko ditu ziurrenik, min hartuta dagoen Mikel Aranburu eta zigortuta dagoen Gaizka Garitanoren hutsuneak Cadizeko partidan. Donostiarraren kasua litzateke nobedaderik aipagarriena, izan ere, otsailaren hamarrean jokatu baitzituen El Ejidoren aurka bere azken minutuak 24. jardunaldian. Gorka Larrea titular izan zen azken partidarekin topo egiteko, aldiz, hamazazpigarren jardunaldira arte joan behar dugu, Granada 74ren aurka.
Atzoko entrenamenduan ikusi ahal izan zen apurragatik, posible izan liteke hirugarren berrikuntza Andrija Delibasic izatea. Serbiarrak ezin izan zuen Sevilla Atleticoren aurka jokatu zigortuta zegoelako, eta zigorra bete ostean, hamaikakora itzuliko da, Gari Urangaren partez.
Gauzak horrela, Lillok hasieratik erabil dezakeen taldea honakoa izan daiteke: Riesgo atean, Gerado, Mikel Gonzalez, Labaka eta Castillo atzealdean; Marti euskarri bezala, Larrea eta Elustondo zertxobait aurrerago dituela, Nacho ezker hegaletik, De Zerio eskuinetik eta aurrean Delibasic.
Adierazpenen alorrean, Gorka Larrea izan zen prentsaurrekoan mintzatu zenetako bat, eta erdilariak jokatzeko irrikan dagoela nabarmendu zuen. «Jokatzeko ilusiorik ez badaukazu, ez duzu sekula hobetuko eta neuk behintzat ez dut jokatzeko ilusiorik galdu».