GARA > Idatzia > Txokotik

Xabier Izaga Irakaslea

Eskubiderik gabeko zuzenbidea

Abokatu Demokrata Europarren Elkarteak Auzitegi Nazional espainola desagertu dadila eskatu du, auzitegi horren prozedurak salatu ondoren. Zuzenbidearen gorabeherez ni baino adituagoak direnez, ez diot ezer erantsiko haiek esandakoari. Hala ere, prozedura horiek eta, oro har, Estatu espainolaren egituretan hain ohikoak diren beste batzuek, aldez aurreko urrats bat behar dute iritzi publikoarentzat nolabait onargarri izateko. Urrats hori kriminalizazioa da eta, propaganda orok bezala, hedabideen laguntza behar du, salbuespena ohiko bihurtzeraino.

Kriminalizazioa ez da inor kriminal bihurtzea. Okerrago, gizaki orok, baita kriminalak ere, dituen eskubide eta bermeak ukatzea posible izan dadin, «gaizkile berezi» bihurtzen ditu kriminalizazioak. Horixe egin dute egunotan, Madrilen epaitzen ari diren lagunak berme juridikorik gabe epaitzeak prozedura normala eman dezan. Horixe egin dute Igor Portu eta Mattin Sarasola atxilotutakoan, zantzu bakarrak, zantzu sendoak, tortura delitu batenak zirenean, atxilotuak «gaizkile berezien» multzo horretakoak izanik, epaiketarik gabe ere zigorra merezi zutela, tortura ere merezia zutela pentsarazteko; Inor ez konturatzeko, edo inork konturatzeko gogorik izan ez dezan, tortura eta zuzenbide estatua ez direla bateragarriak.

Badakigu euskal presoenak eta torturatuenak ez direla herri honek dituen arazo bakarrak, ETAren eta beste talde iraultzaile batzuen biktimenak ere arazo handi eta gordinak direla, baina biktima horien arazorik handiena ez da instituzioen omenaldien falta (ala bai?; nolanahi ere, eurek gehiago nahi balituzte, nik ez nuke eragozpenik bat ere jarriko). Irudipen hori biktima ez-ofizialekiko hurbiltasunak eman dit. Izan ere, Estatuko indarren biktimen arazo nagusia ere ez da omenaldi falta, (instituzioek debekatzen dituzten omenaldiez ari naiz), ezta instituzioen omenaldi falta ere. Uste osoa daukat horien guztien arazo nagusia, sufrimendua gainditzeaz edo gutxienik arintzeaz gain, euskal herritar gehien-gehienen berbera dela: denon sufrimendua pilatuz joatea. Eta sufrimenduari maila edo gradua jartzeak ez dirudi horren konponbiderik onena.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo