Aizkora
Iritsi da Floren Nazabal lehian ikusteko ordua
Jon LEUNDA | DONOSTIA
Iritsi da Floren Nazabal lehian ikusteko tenorea. Etxarriko txapelduna etzi hasiko baita Urrezko Aizkorako lehiaketan. Final-laurdenetako ligaxka jokatu beharko du lehenengo, eta hor estreinako bitan amaitu beharko du finalerdietan izan nahi badu.
Hasteko, Juanjo Lopezen aurka jokatu beharko du, etzi Orduñako plazan, 12.30etik aitzina. Lagun handiak dira bi aizkolari hauek. Elkarrekin Binakako Urrezko Aizkora ere irabazita daude, eta entrenatu ere askotan egin ohi dute batera.
Etzi, ordea, aurkari izango dira, eta biak ahaleginduko dira garaipena erdiesten. Lehen puntu horrek finalerdietarako atea erdi zabalik utziko baitie. Nazabal izango da faboritoa. Hasteko, 45 ontzakoa zeinek kolpe gutxiagotan moztu arituko dira. Ondoren, kana-erdikoa zutik erdibitu beharko dute. Hirugarrenik, 60 ontzakoarekin lehiatuko dira. Laugarrengoan, 45 ontzakoa zutik, eta beste bat etzanda izango dute, eta azkenik, bi kana-erdiko eta bi 60 ontzako moztu beharko ditu.
Bestetik, Patxi Mindegia gaur egongo da Tolosako Kantabriko tabernan Arria V.aren zain, 20.00etatik aurrera, apusturen bat egiteko asmoarekin. Errezildarrak agertuko zela iragarri zuen, eta litekeena da apustua egitea. Mindegiak hamasei kana-erdikora jokatu nahi du, lau zutik eta beste hamabiak etzanda jarrita direla.