Aritz Sue Maldonado Ikus-entzunezko komunikazioko 3. mailako ikaskideen izenean
Zuregatik Iosu!
Apirilaren 17an, Ikus-entzunezko komunikazioko hirugarren mailako ikasleoi bihotz zati bat lapurtu ziguten. Goizeko ordu txikitan joan ziren zure bila, ehiztaririk koldarrenen antzera, eta gauaren iluntasunean eraman zintuzten. Telebistan garaikur gisa erakutsi ondoren, bost egun eta bost gau luzez eduki zintuzten euren atzaparretan; mehatxuz, burlaz eta jipoiz jositako 120 ordu amaigaberen agonian. Orain, Alcalá Mecoko espetxean zaude, Euskal Herritik ehunka kilometrora; baina, halere, Iosu, jakin ezazu urruti egon arren gurekin zaudela, gu zurekin gauden bezalaxe. Zaila egiten zaigu denbora batez elkar ikusiko ez dugula onartzea. Jakin badakigu aurrera egingo duzula: itsasoari mugak jartzea bezain ezinezkoa baita arrano bat lau paretaren artean giltzapetzea.
Hasieratik zure hutsunea nabari dugu gelakideok, Txus. Hiru urte dira elkar ezagutzen dugula, eta lehenengo egunetik igarri genuen ez zarela gizarte-sistemak eskaintzen duen besaulki erosoetan lasai jesartzen den horietakoa: egunero hankarekin egiten dituzun kolpetxoekin sumatzen genuen zure egonezina. Jada klase arteko zigarretak ez ditugu lehen bezain gustura erretzen, eta atsedenaldietako jeladun ebakiei ere zure esentzia falta zaie. Ziberbandalismoak ere behera egin du asteotan.
Bihotzaren zati bat kentzeaz gain, bertso afarietako laguna urrutiratu digute. Txomintxapel fakultateko egunean, zure omenez egingo dugu topa; harro baikaude zurekin igarotako une guztiez eta zu lagun izateaz. Klaseetan aspertzen garenean ere gelako ormetan jarri dugun zure argazkiari begiratu eta, ziur, gure ezpainetan irudikatzen duzun irribarreak gailenduko duela. Zuk bakarrik bete dezakezun hutsunea utzi duzu gugan, Iosu. Ez dugu etsiko berriz ere gure artean izan arte.
Besarkada bero bat zuretzat eta beste bat gureentzat Eskoriatzatik. Zaindu sorbaldak, ez galdu irribarrea eta egin beti aurrera! Maite zaitugu Iosu!