Enpresariei laguntzea legezkoa da Europar Batasunaren arabera; baina zilegi al da?
Europar Batasuneko Justizia Auzitegiko abokatu nagusiak Gipuzkoako, Arabako eta Bizkaiko aldundiek 2005ean enpresariei emandako laguntza fiskalak EBko arau fiskalekin bateragarriak direla azaldu zuen atzo Luxenburgon. Juliane Kokotten txostena ez da loteslea, baina normalean epaimahaikideek beren epaia txosten horretan oinarritzen dute.
Ondorioz, hemengo alderdi eta administrazio gehienak pozarren azaldu dira atzoko txostenarekin. Aldundien eta patronalaren ustez, adibidez, Europar Batasunaren babesak fiskalitate propioa bermatzen du eta autonomia blindatzen du. Harrigarriro, Europar Batasunak bermatu behar izan du autonomia hori, akordioa etengabe hautsi duen estatuaren aurrean.
Nolanahi ere, argudio horien atzean benetako eztabaida ezkutatzen da. Euskal Herriak fiskalitatearekin duen arazo nagusia, agintariek aurkakoa esaten badute ere, ez baita legala, soziopolitikoa baizik. Alde batetik, gure fiskalitateak estatu-antolakuntzari erantzuten dio, sistema propioa eraikitzeko aukerarik utzi gabe. Beste alde batetik, langileen aurka eta enpresarien alde osatu den fiskalitatea da. Eta, agintarien ustez, hortaz, harro egon behar dugu.