GARA > Idatzia > Ikusmira

Beren alkatearen alde eta salbuespenaren aurka

Atzo Arrasatek bere enegarren greba eguna bizi izan zuen. Azken hamarkadetan sarri atera izan dira bertako langileak kalera, «justizia» bere adierazpide guztietan eskatzera, eta auzi desberdinengatik gainera: lan arazoengatik, politikagatik, gizarte auziengatik...

Dena den, atzoko greba berezia izan zen. Euskal Herriak bizi duen salbuespen egoera orokorra salatzeko erabiltzeaz gain, egoera horren azken jomuga izan den Ino Galparsoro alkateari babesa eta elkartasuna adierazteko baliatu baitzuten ekimen hori Arrasateko herritarrek. Garzon epaileak, fiskaltzaren gomendioa jarraituz, Galparsororen atxiloketa eta kartzelatzea agindu zuen duela astebete inguru, eta bidegabekeria horri erantzuteko lantoki gehienek itxi egin zuten atzo.

Elkartasun adierazpen berri honek gogoeta egitera bultzatu beharko lituzke azken gertaeren protagonista izan diren zenbait alderdi. PNV eta PSOE, gehienbat. Izan ere, Galparsororen kartzelatzeak erakutsi du -azkenaldian gertatu den beste edozer baino askoz argiago- beraien helburua ezker abertzalea baztertzea eta boterea bereganatzea dela, besterik gabe. Eta horri aurre egin dion emakume baten duintasuna ere erakutsi du. Alkateak herria ordezkatzeko daude. Alkatearen bahiketaren aurrean, herriak ordezkatu zuen alkatea atzo Arrasaten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo