GARA > Idatzia > Euskal Herria

Euskal eskolaren aldeko jaia hilaren 18an izango da Iruñean, Biurdana ikastetxearen eskutik

Jasone MITXELTORENA |

Sortzen Ikasbatuaz-ek aurten ere, 13. aldiz, Euskal Eskola Publikoaren aldeko festa antolatu du. Datorren maiatzaren 18an izango da, Iruñeko Taconera parkean. Aurten lehenengoz, Bigarren Hezkuntzako ikastetxe bati egokitu zaio festa hori antolatzea, eta hori nabarmena izan da ikasleen parte-hartzean. Gazte Batzordea osatu dute, eta ehun bat ikasle bildu dira jai honetarako hainbat ekitaldi antolatzeko. Besteren artean, haurrentzako tailerrak, gazte olinpiadak, grafitti erakusketa, dantzak eta bideo-klip bat prestatu dituzte. Festa izango den egunean ere, jai-gunea antolatzeaz eta ekitaldiak aurrera eramateaz ar- duratuko direla ziurtatu zuten atzo.

Ez da hori izango berrikuntza bakarra. Aurten jai-gunea hiru eremutan banatua izanen da: Antoniutti parkean dantzak, herri kirolak, Pirritx eta Porrotx eta bazkaria izanen dira; Taconeran hasiko da festa, eta egun osoan izango da kale animazioa. Horretaz gain, grafitti erakusketan eta «Zu zeu argazkilari» rallyan parte hartzea egongo da; eta Vistabella gunean, berriz, lasaiagoa izango da festa: haur eta helduen abesbatzak, Fermín Valencia abeslariaren emanaldia, haurrentzako tailerrak eta bestelako ekitaldi lasaiak.

Lendakaris Muertos

Sortzen Ikasbatuaz-ek urtero antolatzen duen jai honetan kontzertuek garrantzi handia izan ohi dute, eta aurten ere, hala izango da. Taconera parkean arratsalde osoan egongo da zuzeneko musika. Biurdana Ikastetxeko Oktavoarte, Degeneración eta Iskanbila taldeek emango diote hasiera, eta ondotik Sas- tada, Suntsiketa, Vendeta eta Hesian arituko dira. Lendakaris Muertosen txanda ere helduko da arratsaldeak aurrera egin ahala, eta azkenik, OX-Band, aurtengo jairako kantaren egilea berau.

«Bultza euskal hezkuntza» lelopean egingo den aldarrikapen festa honetan parte hartzeko gonbitea egin diete antolatzaileek Euskal Herri osoko euskaltzaleei, eta eguraldi ona izango dela ziurtatu. Ez du gutxiago merezi, guraso, irakasle, eta ikasleek urte betez jai hau prestatzeko egindako lanak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo