GARA > Idatzia > Mundua

Elikagaien krisiaren ardura herrialde garatuei leporatu diete Nikaraguan

Nikaraguan bilduta, Erdialdeko Amerikako, Karibeko eta Hego Amerikako herrialdeek elikagaien krisialdiari buruz eztabaidatu zuten. Egungo egoera larriaren ardura herrialde garatuena dela nabarmendu zuten. AEBek «diktadura» ezarri dutela salatu zuen Daniel Ortegak.

p028_f01_148x108.jpg

GARA |

Elikagaien arloa jasaten ari den krisiaren eta jakien garestitzearen ardura herrialde garatuena dela ondorioztatu zuten Erdialdeko Amerikako, Karibeko eta Hego Ameriketako herrialdeek Nikaraguan egiten ari diren gailurrean.

«Nazioartean gai garrantzitsuenak jorratzean zurikeria galanta dago. Horregatik gaude egoera honetan», salatu zuen Costa Ricako presidente Óscar Ariasek. Adibide gisa, AEBak aipatu zituen. Lurralde txiroenetan jakien krisialdiari aurre egiteko mila milioi dolar emango dituela iragarri zuen Washingtonek. «Hori Irakek egun bakar batean gastatzen duen kopurua da», nabarmendu zuen Ariasek.

Bere hitzetan, Munduko Komertzio Erakundeak duela gutxi Doha-n egin duen bilkura «zurikeria»ren beste adibide bat da. Bertan, zerbitzuen eta ondasunen trukaketa liberalizatzea erabaki zuten-eta.

Era berean, munduaren arazo larrien kontra egiteko, Nazio Batuen Erakundeak ezarri dituen Milurteko Helburuak ez direla beteko ohartarazi zuen.

«Hipokresiaren beste adibide argia» Kiotoko Protokoloa dela gaineratu zuen. «Bere aberastasunen mesedetan, herrialde garatuek planeta osoa kutsatu ondoren, guri halakorik ez egitea eskatzen digute», gaitzetsi zuen. Ariasen aburuz, Latinoamerikako nazioek ezin dute nazioarteko komunitatearen menpe egon. Ekonomia indartzeko zerga sistema egokia ezartzea proposatu zuen.

«Heriotzaren sinonimo»

Ekuadorreko presidente Rafael Correaren arabera, «XXI. mendean munduan dauden desberdintasunak ez ditu eskasiak eragin, banaketa kaskarrak baizik».

Gainerako partaideek egin bezala, nekazal produkzioa handitzearen eta politika neoliberalak bertan behera uztearen alde egin zuen. «Zorionez, merkatuen gorabeheren menpe utzi gintuen gau neoliberal luze eta beltz hori amaitu da», esan zuen. Ildo berean mintzatu zen Boliviako Evo Morales. «Mugarik gabeko industrializazioa Lurraren droga da, eta kapitalismoa heriotzaren sinonimo da», adierazi zuen. Hala, Haitiko presidente René Prevalek hango egoera «hondagarria» dela nabarmendu zuen. Oinarrizko produktuen garestitzeak protesta larriak eragin zituen joan den hilean herri horretan.

Nikaraguako Daniel Ortegak errua AEBei egotzi zien: «diktadura batean gaude».

proposamena

Hugo Chávezek Erdialdeko Amerikako eta Karibeko herrialdeei ehun milioi dolar ematea proposatu zuen. Dirua ALBAren banketxearen bidez kudea daitekeela azaldu zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo